«Muga baten barrenean, baina kontrolak beharrezkoak dira»

Gurutze Pikabea 2010eko urriaren 14a

Mikel Nieve leitzarra Vueltako 16. etapa irabazi ondotik podiumean. HITZA

Duela hiru urte egin zuen profesionaletarako saltoa Mikel Nieve Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak (Leitza, 1984). Baina orain hilabete, Espainiako Vueltako etaparik gogorrena irabazi, eta hedabide gehienen azalean ikusi genuen. Garaipenarekin pozik dagoela aitortu digu, eta oraindik hortaz jabetu ezinik dagoela. Joan den asteburuan Paris-Bourges lasterketan aritzekoa zen eta larunbat honetan eginen den Lonbardiako Giroa izanen du denboraldiko azkena. Vueltako garaipenaz eta eguneroko martxaz solastu zaigu.

PROFESIONALETAN
«Profesionaletara pasatu nintzenean, zaila egiten zitzaidan etapa bat irabaziko nuela imajinatzea. Eta lasterketa haundi bat izanda eta horrelako etapa batean irabazita, oso pozik nago».

ETORKIZUNERA BEGIRA
«Vueltan eman dudan mailarekin segitu nahi nuke, eta ahal bada, beste garaipen bat lortu. Zaila da eta pixkanaka joan nahi dut».

Denboraldia bukatzeko lasterketa bakarraren faltan, ohiko entrenamenduetan topatu dugu Mikel Nieve (Leitza, 1984), fisikoki nahiz psikologikoki «ongi» . Ez da gutxiagorako, Espainiako Vueltan egin duen lan bikaina bada pozik egoteko nahikoa arrazoi. Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak Espainiako Vueltako etaparik gogorrena irabazi zuen irailaren 13an (Gijon-Cotobello) eta sailkapen nagusian 12. postuan bukatu zuen itzulia. Huraxe izan zen Nieveren profesionaletako lehenbiziko garaipena.
Vueltako etapa garaipenetik egunak pasatu badira ere, «asimilatzea kostatzen» ari zaiola aitortu dio txirrindulariak TTIPI-TTAPAri. «Profesionaletara pasatu nintzenean, zaila egiten zitzaidan etapa bat irabaziko nuela imajinatzea. Eta lasterketa haundi bat izanda eta horrelako etapa batean irabazita, oso pozik nago». Fisikoki baino «buru aldetik gogorragoa» egin omen zaio Vuelta, baina orokorrean, «nahiko ongi» bukatu duela azaldu digu. Garaipena lortu duela sinestu ezinik, bai bera eta bere irudiko, baita ingurukoak ere: «zoriondu egiten naute, baina nik uste oraindik ere nahiko harrituak daudela».
Profesionaletarako saltoa «haundia»
Duela hiru urte egin zuen Nievek afizionatuetatik profesionaletarako urratsa. Eta saltoa nabaritu zuela adierazi digu: «maila haundiagoa da, entrenamendu gogorragoak, gehiago zaindu behar... Munduko hoberenekin ari zara eta nabaritzen da». Azken bi urteak Euskaltel-Euskadi taldean egin ditu, eta beste bi denboralditarako ere luzatu diote kontratua, 2011 eta 2012rako: «Vueltaren aurretik hitz eginda zegoen. Banuen taldean segitzeko gogoa eta nahiko erraz ailegatu ginen akordio batera». Izan ere, taldean «oso gustura» dagoela aipatu digu: «afizionatuetan ezagutu nuen jendea badago, eta lagunak egin ditut». 
Larunbat honetan, hilak 16, Lonbardiako Giroan (Italia) parte hartu ondotik, emanen du bukatutzat aurtengo denboraldia. Bitartean ohiko entrenamenduekin segituko du: «goizean jaiki, gosaldu, entrenatzera joan, etxera etorri, bazkaldu, siesta ttiki bat egin eta arratsaldean lagunekin egon». Egunaren arabera, ibilbide desberdinak egiten ditu: «batzuetan ordu bat eta erdiz edo bi orduz ibiltzen naiz, eta besteetan, lau, lau ordu eta erdi edo bost orduz». Leitzatik Iruñera, Ultzama edo San Migel aldera ibiltzen omen da gehienbat, baina Baztanera ere «asko» joaten dela esan digu.
Txirrindularitza profesionalean maiz somatzen diren positiboez ere galdetu diogu leitzarrari: «nik uste gero eta hobeki dagoela kontua. Aurten positibo gutxiago egon dira eta momentuz hobeki gaudela uste dut. Ea horrela segitzen duen». Eta kontrolak beharrezkoak al dira?. «Muga batekin bai», dio Nievek: «Egunero lokalizatuak gaude, edozein momentutan etxera etortzen ahal dira proba egitera... Muga batzuen barrenean, baina kontrolak beharrezkoak direla iruditzen zait».
Umiltasunez baina gogotsu begiratzen dio etorkizunari leitzarrak, «Vueltan eman dudan mailarekin segitu nahi nuke, eta ahal bada, beste garaipen bat lortu». «Zaila» ikusten duen arren, «pixkanaka joan nahi dut», dio. Ea bada, baduen zortea. Profesionaletan egin berri duen saltoa haundia izan baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun