Plazaola(n) bizi zerbitzuaren bidez, Plazaola Partzuergo Turistikoak, Udalaren laguntzarekin, bizikleten alokairu sistema publikoa jarri du martxan, inguruko beste herri batzuetan bezala.
Bizikletak bi erabiltzaile motei zuzenduak daude: harpidedunei eta noizbehinkako erabiltzaileei. Harpidetzeko edo bizikletak urte osoan maiztasunez erabili ahal izateko, 30 euro ordaindu behar dira; noizean behin erabiltzeko, berriz, nortasuna baieztatzen duen dokumenturen bat aurkezteaz gain, 0,5 euro ordaindu behar dira lehenengo orduan, eta euro bat hurrengoetan –gehienez lau orduz–. Edozein dela ere, kiroldegian egin behar dira kudeaketak.
Bizikleten zerbitzua martxan jartzearen helburu nagusia mugikortasun jasangarria bultzatzea da, kutsadura murriztuz, eta soinurik gabe eta modu azkar eta eraginkor batean batetik bestera ibiltzeko aukera eskainiz. Aldi berean, osasunaren eta espazio publikoaren gozamenaren alde egin nahi izan dute.
Leitza, Lekunberri eta Irurtzunera ekarritako 30 bizikletak asfaltoan edo zementuan, edo lur harroetan ibiltzeko prestatuak daudela adierazi dute; baina ez omen dira erabilgarriak mendiko ibilbideetarako.
Zerbitzua egunero eskaintzen da eta gehienez lau orduz erabil daiteke. Ordu kopuru hori gainditzen duenak 30 euroko zigorra izateaz gain, hilabete batez ezin du zerbitzua erabili.