Irailaren 25erako programatua zegoen, baina ezinezkoa izan zen, egun horretan eguraldia ez zelako gure alde jarri eta astebete atzeratzeko erabakia hartu zuten. Herriko haurrentzako zuzendua zegoen, ez ikusteko, beraiek batukadan parte hartzeko baizik. Oso ongi pasatu zuten, erritmoak ederki eramanez jo zuten, dantzatu ere egin zuten eta haien aurpegietan ikus zitekeen pozik zeudela. Kontsejuko terrazan hasi zen jotzen perkusio taldea, 11:15 aldera, hemen txandaka denak denetik probatuz, ekarritako musika-tresna guztiak, alegia. Azkenerako herrian gora eta behera ibili ziren giro ezin hobean, bai haurrak eta bai helduak ere, bazkaltzeko garaia heldu artean. Elkartean bazkaldu zuten, lehenengo haurrek eta atzetik gurasoek eta batukada taldekoak. Berriz errepikatzeko moduko esperientzia izan zen eta esan beharra dago zorte handia izan dutela herriko haurrek Donostiako Taupada taldeko bost partaide bertan izateagatik. Noski, eskerrak eman behar zaizkio Pinori bera izan baita proiektua aurkeztu eta aurrera eramateko ahalegina egin duena.