Turismo Plana garatzeko taldea osatu da herrian

Esteban AROTZENA 2010ko urr. 13a, 16:52
Turismo Planaren ardatzetako bat da aterpetxea. Angel Salaberria

Bizibiziki enpresarekin elkarlanean turismo aktiboa garatu nahi da

Bizibiziki enpresa gipuzkoarreko teknikariek eta zenbait herritarrek osatutako taldeak bi bilera egin ditu dagoeneko herrirako Turismo Plan Estrategikoa garatu asmoz. Hiruzpalau hilabete iraunen duen elkarlan honen ondoren, plana erredaktatzeari ekinen diote teknikariek aipatutako bileretan jasotako ideiak eta ekarpenak erabiliz horretarako.
Lehengo uztailaren 28an aurkeztu zien Udalak Bizibiziki enpresa pleno aretoan elkartutako 40 herritarrei. Erakunde guzietako ordezkariak eta merkatariak osatzen zuten Herriko Etxeak gonbidatutako talde hau. Iñaki eta Ekaitzek, Bizibiziko teknikariek, esandakoaren arabera, turismoa aktiboaren kontzeptuan oinarritutako plana proposatuko dute Goizuetarako, kultura, natura eta abentura lotuko dituena, alegia.
Turismo Planaren barrenean, azpiegiturak nahitaezkoak dira, jakina. Heldu den udaberrirako irekita egonen omen da Udalak estrategikotzat jotzen duen aterpetxe ederra. Horixe izan da, hain zuzen, plana egiten hasteko arrazoietako bat. Bi administrazioek, Nafarroako Gobernuak eta Udalak, egindako esfortzu ekonomikoari errendimendua atera nahi zaio aterpetxera jendea erakarriz. Horrek herria berpizten ere lagunduko duelakoan daude Herriko Etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun