Lekunberri, Leitza eta Irurtzungo herrietan erabilgarri dagoen Plazaola(n) Bizi bizikleten zerbitzu publikoa martxan dago urriaren 4tik aurrera.
Zerbitzua Plazaola Partzuergo Turistikoak Lekunberri, Leitza eta Irurtzungo udalen laguntzaz kudeatutako bizikleten alokairu sistema publikoa da. Zerbitzua hiru herri horietako bizilagunei ez ezik, mugakide diren Arakil, Areso, Basaburua, Imotz, Iza eta Larraungo populazioari ere zuzenduta dago eta 30 bizikleta izango ditu oraingoz.
Ekimena aurrera eraman ahal izateko Nafarroako Gobernutik dirulaguntzak jaso dituzte, 2008-2012ko Akzio Planeko Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko Departamentutik eta Energia Dibertsifikazio eta Aurrezterako Institututik (IDAE), zehazki. Eta honen promozioa egiteko Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide zentroak (CRANA) kudeatutako Added Value proiektuaren bidezko europar laguntza jaso dugu.
Plazaola(n) Bizi tailerrak
Zerbitzuaren erabiltzaile izango diren bizilagunen artean ezagutzera emateko, Plazaolako Partzuergo Turistikoak tailer batzuk antolatu zituen joan den asteburuan.
Lehenengoa, Urriak 1ean, ostiralean, izan zen, Leitzako plazan eta karrapean. Horretara 100 pertsona baino gehiago gerturatu ziren Oraintxe enpresak emandako Bide Hezkuntza tailer batean parte hartzera. Proiekzio bat ikusi eta hitzaldi bat entzun ondoren, bertaratu ziren guztiak euren bizikletetara igo eta herritik paseo bat eman zuten, bide hezkuntzako tailerrean ikasitako guztia praktikan jarriz. Beranduago, plazara itzultzean, freskagarri batzuk eta txistorra hartzeko aukera izan zuten. Larunbatean, Lekunberrin eta Irurtzunen egin ziren tailerrak.
Pedalkadak jasangarritasunerantz
Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroa den CRANAk prestautako “Pedalkadak jasangarritasunerantz” erakusketa ibilkaria Leitzako Batzar Aretoan ikusgai dago urriaren 4tik 10era arte, astegunez 09:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 10:00etatik 14:00etara. Urriaren 11tik 17ra bitartean Irurtzunen izanen da erakusketa.