Ikasturte berriari begira, aurten ere ikastaroak antolatu ditu Udalak. Yoga, gimnasia, aerobic, margogintza-eskulanak eta gantxiloa- puntua dira eskainiko direnak. Aurtengo berrikuntza yoga da eta momentuz, arrakastatsua izaten ari omen da. Joan den astean bukatzekoa zen izena emateko epea, baina Mieljoxe Lekuona alkateak adierazi digunez, gerora ere izanen da apuntatzeko modua. Oraingoz, eta ohi bezala, izena eman duten gehienak emakumeak dira.
Aurrekoetan bezala, ikastaroen %40 subentzionatuko du Udalak, eta ordutegia eta prezioa izena ematen duten lagun kopuruaren araberakoa izanen da. Hori bai, ikastaroak aurrera ateratzeko, bakoitzean gutxienez zortzi-hamar laguneko taldea osatu beharko da.