Leitzako Eusko Alkartasunak Plazaolako Partzuergo Turistikoa kritikatu du, Uitziko tuneleko lanetan egiten ari den kudeaka txarrarengatik. EAren esanetan, lanen atzerapenarengatik, irailaren 19an egitekoak ziren Plazaolako VIII mendi bizikleta ibilaldia eta Maratoi Erdia bertan behera utzi behar izan ziren. EAren idatziak dioenez, “Plazaolako Partzuergoa ez da gai izan lana egiten ari den enpresak epearen barnean lana bukatzeko, baina ez hori bakarrik, bere ezgaitasuna erakusten du lanak bukatzeko data bat emateko gai ez denean”.
Erakunde honek Leitzan antolatzen dituen ekitaldi nagusietako bat ez egitea “justifikaezina da” EAren ustez, “Partzuergoaren eta hori osatzen duten eragile politikoen utzikeriengatik edo ezgaitasunarengatik, udalak horretarako urtero aportazio ekonomiko garrantzitsua egiten duela kontuan hartuz”.
Hau dena kontuan hartuz, “lanen kudeaketa hobea egitea eta dagoeneko bukatuak egon beharko luketeen lanak noiz bukatuko diren zehaztea” eskatu dio EAk Partzuergoari. Modu berean, kirol proba hauek bertan behera uztearen truke “konpentsazioren bat kontuan hartzea” eskatu dio Partzuergoari Eusko Alkartasunak, “etorkizuneko akordio ekonomikoetan edo herrian beste jarduera berriak antolatuz” gauzatzen ahal dena.