Goizuetan urtean zehar antolatzen diren festen barrenean, tarte propioa egin du dagoeneko Iskibik kanpineko Euskal Jaiak. Igande honetan ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte, musika, herri kirol desafioak, talo jatea eta erromeri giroa uztartuz.
Igande honetan, irailaren 19an, dultzaineroek emanen diote eguerdian festari hasiera. Ondoren, 13:00etan, aizkora eta trontzako desafioa jokatuko da. Alde batetik, herriko Jon Tximista eta Jon Gorgorikoa eta bestetik, Zubietako Eneko eta Mikel Santesteban. Pronostiko argirik gabeko apustua omen da herri kiroletako hainbat adituk esan digutenez. Dena den, etxean jokatzeak ematen duen abantaila aprobetxatu nahiko dute goizuetarrek.
Aurreko edizioek bezala, 14:00etatik aurrera ospatuko den talo jatearekin joko du gailurra aurtengo Euskal Jaiak ere. Marrukoaz gain, hirugiharra, txistorra eta txokoltea zerbitzatuko du taloaren osagai Ximon eta Izaskunen lantaldeak. Ez da inor gosez geldituko aurreko urteetan bezala funtzionatzen badu aipatutako kuadrillak. Sagardoz, ardoz, kafez eta kopaz hornitutako bazkari honen ondoren, toka txapelketa hasiko da. 18:30ean, berriz, erromeria izanen da Maider eta Mikel trikitilarien eskutik.
Euskal Jai honetarako txartelak 16 eurotan daude salgai Amaiarenean (948 514243) eta kanpinean bertan (948 514277).
Denboraldi bukaera
Hurrengo larunbatean, hilak 25, bukatuko du Iskibi kanpinak aurtengo denboraldia. Goi mailako DJa ekarriko omen dute 2010eko udari merezi bezalako azken agurra emateko.