Igande honetan ospatuko da Iskibi kanpineko Euskal Jaia

Esteban AROTZENA 2010eko irailaren 16a

Herri kirolak, taloak eta musika izanen dira, besteak beste

Herrian urtean zehar antolatzen diren festen barrenean, tarte propioa egin du dagoeneko Iski­biko Euskal Jaiak. Hori ez da harritzekoa, ez baita beste jaiegunik he­rrian honek bezala musi­ka, kirola, gastro­no­mia eta parranda uz­tar­tzen duenik. Eta dena kanpinetik mugitu gabe.

Igande honetakoari, irai­lak 19, gainbegira­da bat emanez, esan, dul­tzaineroek emanen diotela eguerdian festa­ri hasiera. Ondoren, 13:00­etan, aizkora eta trontzako desafioa joka­tuko da. Alde batetik, herriko Jon Tximista eta Jon Gorgorikoa eta bes­tetik, Zubietako Eneko eta Mikel Santesteban. Pronostiko argirik gabe­ko apustua omen da herri kiroletako hainbat adituk esan digutenez. Dena den, etxean joka­tzeak ematen duen abantaila aprobetxatu nahiko dute bi Jonek.

Aurreko edizioek bezala, 14:00etatik aurrera ospatuko den talo jatearekin joko du gailu­rra aurtengo Euskal Jaiak­ ere. Marrukoaz gain, hirugiharra, txistorra eta txokoltea zerbitzatuko du taloaren osagai Ximon eta Izaskunen lantaldeak. Ez da inor gosez geldituko aurreko urteetan bezala funtzionatzen badu aipatutako kuadrillak. Sagardoz, ardoz, kafez eta kopaz hornitutako bazkari honen ondoren, toka txapelketa hasiko da. 18:30ean, berriz, erro­meria izanen da Maider eta Mikel trikitilarien eskutik.

Euskal Jai honetarako txartelak 16 eurotan daude salgai Amaiarenean (948 514243) eta kanpinean bertan (948 514277).

 

Denboraldi bukaera

Hurrengo larunbatean, hilak 25, bukatuko du Iskibi kanpinak aurtengo denboraldia. Goi mailako DJa ekarriko omen dute 2010eko udari merezi bezalako azken agurra­ emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun