Mikel Nievek Euskaltel-Euskadiko leitzarrak irabazi zuen irailaren 13an, astelehen arratsaldean Espainiako Vueltako 16 etapa: Gijon-Cotobello (181,4 kilometro). Lasterketako etaparik gogorrena zuten astelehenekoa, lehenengo mailako hiru mendaterekin: San Lorenzo, La Cobertoria eta Cotobello. Azken hau Vueltan lehen aldiz igo dute eta beraz, profesionaletako lehen garaipena lortzeaz gain, Vueltako historian sartzea ere lortu du leitzarrak. Nieve eguneko ihesaldian sartu da, eta azken mendatean erasoa jo eta bakarrik helmugaratu da, erakustaldi bikaina eskaini ondotik. Frank Schleck (Saxo Bank) sartu da bigarren, minutu eta bortz segundora. Joaquim Rodriguez (Katuxa) laugarren izan da, minutu eta 22 segundora, eta Vincenzo Nibaliri (Liquigas) lidergoa kendu dio -hau 1.59ra iritsi da-. Joaquim Rodriguez jarri da Vueltako lider. Nibali dago bigarren, 33 segundora. Hirugarren Ezequiel Mosquera dago, 53ra. Laugarren Frank Schleck, 2.16ra.
Sailkapen nagusian 11.
Aipatzekoa da, etapa garaipenaz gain, Mikel Nieve 11. postuan jarri dela sailkapen nagusian, Rodriguezetik 6.30era eta hamargaren postua 7 segundura duela; bera da lehen euskal herritarra. 1984an Leitzan jaio zen Nievek lehenengo garaipena du profesionaletan. 2008an egin zuen debuta Orbean, eta iaz Euskaltel-Euskadirekin fitxatu zuen. Talde honek aurtengo Vueltan irabazitako hirugarren etapa da; Igor Antonek lortu zituen aurreko biak. Bertze bi euskal txirrindularik ere etapa bana irabazi dute: David Lopezek eta Imanol Erbitik.
Mikel Nievek Vueltako lider zenean erori eta erretiratu behar izan zuen Igor Anton eta gainerako taldekideei eskaini zien, pozez txoratzen, bere garaipena.