Nafarroako hamabi taldeko 230 bat dantzari bildu ziren irailaren 11n, larunbat arratsaldean Leitzan ospatutako Dantzari Egunean.
Nafarroako Dantzari Federazioak eta Aurrera elkarteko dantza taldeak antolatutako ekitaldian Amaiur, Agoitz, Arantza, Ardantzeta, Aurrera, Basakaitz, Erreka, Harizti, Mikelats, Oberena, Orritz eta Txorizuri dantza taldeek hartu zuten parte. Eskolatik hiru multzotan abiatuta, kalez kale ibili ziren dantza saioak eskainiz. Txistularien laguntzarekin kasik bi orduko kalejira egin ondotik, talde guziak pixkanaka plazara biltzen hasi ziren eta han denek elkarrekin dantzatu zuten.
Hori baino lehen, Irantzu Zabalza Nafarroako Dantzari Federazioko ordezkariak oroigarri bana eman zien Jon Arangoa Leitzako udaleko kultur zinegotziari eta Joseba Sagastibeltza Aurrera dantza taldeko ordezkariari, egun hau antolatzeko egindako lanarengatik.
Segidan, Ikurriña agurtu ondotik, ordu terdiko ikuskizuna eskaini zuten dantzariek, denak elkarrekin. Lehenbizi gizonezkoak aritu ziren “Cortes” dantzatzen, gero emakumezkoen txanda izan zen eta “El Ciego” dantzatu zuten. Azkenik, denak batera, Leitzako Ingurutxoa dantzatu zuten. Izan ere, leitzarrek ez ezik, Nafarroa osoko dantzariek dantza hori ikasteko aukera izan zuten Iruñean abuztuaren 28an Dantzari Federazioak antolatutako ikastaroan.
Antolatzaileak gustura agertu ziren Dantzari Egunak izandako arrakastarekin.