Nafarroako euskal dantzarien eguna eginen da larunbatean Leitzan

TTIPI TTAPA 2010eko irailaren 9a

Larunbat arratsaldean kalez kale eta plazan ariko dira dantzariak. TTIPI TTAPA

Hainbat taldek dantzak eskainiko dituzte eta gauean afaria izanen da

Nafarroako euskal dantzarien topaketa egiteko Leitza aukeratu dute aurten. Irailaren 11n, larunbatarekin, izanen da eta Aurrera Dantza Taldea eta Euskal Dantzarien Biltzarra burubelarri dabiltza antolatzen.

Nafarroako euskal dantzarien topaketa egiteko Leitza aukeratu dute aurten. Irailaren 11n, larunbatarekin, izanen da eta Aurrera Dantza Taldea eta Euskal Dantzarien Biltzarra burubelarri dabiltza antolatzen.

Arratsaldean hasiko dira ekitaldiak. 17:00etatik 18:00etara bitartean, Nafarroako hainbat dantza talde bost auzotan banatuko dira. Zehazki, Amazabal, Patxi Arrazola, San Jose plaza, Sagastimarrea eta Manuel Lasarte inguruetan dantza emanaldiak eskainiko dituzte Ardantzeta, Oberena, Basakaitz, Mikelatz, Txori-Zuri, Iruña Taldea, Harizti, Orritz, Amaiur, Aoiz eta Leitzako Aurrera taldeek. 19:00 aldera plazan bilduko dira guztiak, hitzordu nagusirako. Ekitaldi nagusi honetan, neskek El Ciego dantzatuko dute, mutilek Cortes eta guztiek batera, Leitzako Ingurutxoa dantzatuko dute.

22:00etan, berriz, afaria eskainiko da. Menuan entsalada mistoa, paella eta tarta izoztua izanen dute. Afalondoan, erromeria izanen da eta arestian aipatutako taldeetako dantzariez gain, nahi duen guziak parte hartu ahal izanen du dantzaldian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun