Irailaren 5ean Leitzan ospatu zen Talo Egunaren barrenean, bigarren urtez eskualdeko talo lehiaketa ere efin zen. Aurtengoan, Segurako Joxepa Albizurena izan da lehiaketara aurkeztutako artopilik onena, epaimahaiaren arabera. 28 puntu eskuratu zituen Segurakoaren taloak eta iazko irabazlea, Miki Zabaleta leitzarra, izan zen bigarren, 26 puntu terdirekin. Hirugarren postua Ilenia Villabonak eskuratu zuen 26 punturekin. Hiruek saria jaso zuten, 100, 50 eta 25 euro, hurrenez hurren. Ondotik sailkatu ziren Leitzako Itziar Bigera (23 puntu) eta Milagros Ijurko (18 puntu).
Talo lehiaketa izan zen Talo Eguneko ekitaldi garrantzitsuenetako bat, baina gastronomiarekin, kulturarekin eta kirolarekin zerikusia zuten beste hainbat ere izan ziren. Plazan egin zen azokan, Villabona eta Saralegi familiek prestatutako taloak erosteaz gain, taloak egiteko eta baserriko beste lan-tresnak ikusgai izan ziren. Baserriko langintza ere ikusteko eta ikasteko modua izan zen. Leitzako Udalak eta Plazaolako Kontsortzioak antolatutako ekitaldian, astoak, zaldiak eta oiloak ere plazaratu ziren eta ttikienek, zaldiek tiratutako karroetan herrian barna ibiltzeko modua izan zuten.
Herriko sukaldariek, taloa oinarri zutela, jaki gustagarriak eta bereziak prestatu zituzten eta haurrek ere izan zuten beraien lehen taloak egiteko aukera.