Taloaren Eguna eginen da igande honetan Leitzan

Ttipi-Ttapa 2010eko irailaren 1a

Taloak izanen dira igandean Leitzan protagonistak.

Eskualdeko Talo Lehiaketa jokatuko da egun berean

Plazaola Partzuergo Turistikoak antolatuta, aurten bosgarren urtez, Taloaren Eguna eginen da. Goizean hasita hainbat ekitaldi izanen dira, eta tartean, erakusketa, tailerra, gurdi ibilaldiak, herri kirolak eta Eskualdeko Talo Lehiaketa ere bai.

Plazaola Partzuergo Turistikoak Taloaren Eguna antolatu du aurten bosgarren aldiz Leitzan, Udalaren babesarekin. Igande honetan, irailak 5, eginen da eta ohi bezala, egitarau osatua prestatu dute.

Goizean 10:00etan eginen da merkatuaren irekiera. Ordu horretan hasiko dira, Leitzako Villabona eta Saralegi talogileak lanean, eta artisauak, taloa egiteko eta baserriko tresnen erakusketa, baserriko animalien erakusketa eta haurrentzat gurdi ibilaldiak ere izanen dira.

Ekintza gastronomikoak, berriz, 11:00etatik 13:30era eginen dira. Horren barne jokatuko da Eskualdeko Talo Lehiaketa. Lehenengo hiru sailkatuentzat sariak banatuko dira kirolak bukatu ondotik. Irabazleak 100 euro eta trofeoa eskuratuko ditu, bigarrenak 50 euro eta hirugarrenak 25. Materiala eta plan­txa antolatzaileek paratuko dituzte eta lehiaketan parte hartzea doakoa izanen da. Izen-ema­tea, berriz, aurretik (948 507205ra deituta) edo egun berean egin dai­te­ke, 12:00 baino lehen. Parte har­tzeko Pla­zaola Partzuergo Turis­tikoaren barne dagoen udalerri batekoa izatea ezinbes­tekoa da.

Taloarekin egindako plateren erakusketa ere 11:00etatik aurrera eginen da: Musunzar, Peritza, Txoko, Elosta eta Lekuonberri ostatuek egindakoak izanen dira. 4-14 urte bitarteko neska-mutikoek taloak egiteko ikasteko modua ere izanen dute eta 12:00etan herri kirolei emanen zaie hasiera. Alde batetik, Euskal Herriko Aizkolari Gazteen Txapelketa jokatuko da eta tartean ariko da Eneko Saralegi leitzarra. Nafarroako Gizonez­koen Txinga-Eramate Txapelketa ere eginen da eta Migel Angel Sukuntza, hau ere leitzarra, parte hartuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun