24 urterekin hartu zuen lehen aldiz sega Jon Kanflankak (Leitza, 1980). Eta prestakuntza haundia eskatzen duen kirola izan arren, ez du uzteko asmorik. Are gehiago, Euskadiko Txapelketan hirugarren (2009an) eta bigarren postuak (2010ean) lortu ondotik, argi du txapela duela helburu. Segaren etorkizuna «txarra» delakoan dago, eta «gustatu egin behar dela». Baina berak garbi du: gustatzen zaio, eta badu segitzeko asmoa. Momentu honetan, atsedenaldian egon arren, abendutik aurrera hasiko da entrenamenduetan serio.
TALDEKO LANA
«Sega ez da bakarkako kirola. Belarra biltzen dutenak, zorroztaileak, segalariak...
Azken finean, taldean egiten da. Txapela bati bakarrik ematen zaio, baina gehiago beharko lirateke»
Sekula hartu gabea zen sega eskuan, baina besteei begira ari zela, gustatu, eta ikasteko grina sartu zitzaion Jon Kanflanka leitzarrari. Segan ibilitako lehengusu bat zuela-eta, hari eskatu zion laguntza, eta urte hartantxe hasi zen txapelketetan parte hartzen, 24 urterekin. Sei urte pasatu dira geroztik, eta arian ari, Euskal Herriko segalari onenetarikoen artean dago gaur egun. Emaitzek erakusten dute hori. Uztailean, Euskadiko Sega Txapelketan bigarren postua eskuratu zuen, eta abuztuan jokatu zen Nafarroako Txapelketan, berriz, bigarrena. Lau aldiz izan da Nafarroako txapeldunorde: 2005ean, 2006an, 2007an eta 2010ean –2008an eta 2009an ez zen egin–. Eta Euskadikoan hirugarren gelditu zen lehengo urtean. Iaz hirugarren geldituta, eta aurten bigarren izanda, «heldu den urtean txapela tokatzen da», esan digu Kanflankak umorez. Lehenbiziko postu horietan ibiltzeak aurrera egiteko gogoa ematen diola ere aitortu digu: «gero eta hobeto ari naiz eta segitu beharko dugu».
Euskal Herritik kanpo ere aritua da leitzarra segan. Austrian jokatu zen Europako Txapelketetan parte hartu zuen, baina ordukoaz ez du hain oroitzapen onik: «han gaizki aritu ginen. Oso maila haundia dago han, eta haiekin ez dago deus egiterik», dio.
Fisikoa, teknika eta erreminta ona
Segan behar bezala aritzeko behar diren ezaugarriak horiexek diralakoan dago Kanflanka: «fisikoa, teknika eta erreminta ona». Hirurek edukitzen saiatzen dela kontatu digu, baina horretarako, noski, lan asko egin behar.
Segarako hainbat modalitate dauden arren, leitzarra «betikoan» aritzen da, kilokoan, alegia. Denbora jakinean zeinek kilo gehien ebakitzea izaten da lana. Eta horretarako, hemengo eta Austriako segak erabiltzen omen ditu. Segan gustura aritzeko belarraren ezaugarriak, berriz, hauexek: «belarra berde-berdea izatea eta zola onekoa», adierazi digu.
Segalarien lanaz ari garela, nabarmendu nahi izan duen beste ezaugarria «taldelana» izan da. «Ez da bakarkako kirola. Belarra biltzen dutenak, zorroztaileak, segalariak... Azken finean, taldean egiten da. Txapela bati bakarrik ematen zaio, baina gehiago beharko lirateke», azaldu digu.
Entrenamendu asko, baina saio gutxi
Kanflankaren irudiko, kirol «sakrifikatua» da segalarien lana, eta urte osoko prestaketa eskatzen duena. Eta halaxe egiten du berak ere: «Abenduan hasten naiz prestatzen, eta astean bost entrenamendu egiten ditut, gimnasioa, mendia eta korrika tartekatuz. Eta udan, segan hasten naiz». Areso eta Leitza inguruko belardiak ebakitzen aritzen da horretarako. Baina hortaz aparte, zaindu ere egiten da leitzarra: «janari garbia jaten dut eta parrandarik ez». Eta hori guztia urtean saio bakan batzuk egiteko: «urte osoan entrenatu behar da eta igual saio bakarra edo batere ez urte osoan. Gustatu egin behar da».
Baina gustuko tokian maldarik ez: «niri gustatu egiten zait eta segitu eginen dut». Helburua ere argia du: «txapela lortu nahi dut», dio. Ea bada, hurrengo urtean, bere Euskadiko laugarren finalean, baduen ametsa egi bihurtzeko aukera.