Nafarroako euskal dantzarien topaketa egiteko Leitza aukeratu dute aurten. Irailaren 11n, larunbatarekin, izanen da eta Aurrera Dantza Taldea eta Euskal Dantzarien Biltzarra burubelarri dabiltza antolatzen.
Arratsaldean hasiko dira ekitaldiak. 17:00etatik 18:00etara bitartean, Nafarroako hainbat dantza talde bost auzotan banatuko dira. Amazabal, Patxi Arrazola, San Jose plaza, Sagastimarrea eta Manuel Lasarte inguruetan dantza emanaldiak eskainiko dituzte. 19:00 aldera plazan bilduko dira guztiak, hitzordu nagusirako. Ekitaldi nagusi honetan, besteak beste, Leitzako Ingurutxoa dantzatuko dute.
22:00etan, berriz, afaria eskainiko da. 19 eurotan menua emanen da, baina joan nahi duten dantza taldeek aurretik egin beharko dute ordainketa, irailaren 4a baino lehen. Euskadiko Kutxako 3035 0058 36 0580011919 kontu zenbakian ordaindu behar da. Afalondoan, erromeria izanen da.
Lerro hauek idazterakoan, oraindik zehaztu gabea zen zenbat dantza taldek parte hartuko duten, baina hamar taldetik gora elkartzekoak dira, tartean Aurrerakoak.