Leitzan eta inguruko herrietan ginekologia zerbitzua eskaintzeko dagoen “bitartekorik eza” kritikatu du Leitzako EAk prentsara bidali duen ohar bidez. Nafarroako Gobernuak kontu honekin duen “utzikeria” salatu du eta bere irudiko, “onarteziak” dira Etxarri Aranatzeko Osasun Zentroan artatuak diren leitzarren ginekologiako hitzorduen atzerapenak. Leitzako emakumeez gain, inguruko herrietakoek arazo bera dutela ere adierazi du EAk idatzian.
“Egoera honen ondorioz, garaiz artatuz gero, konplikazio haundiagorik gabe konponduko lirateken arazoak gerta daitezke, eta zenbait kasutan gertatzen ari dira”, ohartarazi du.
EAren ustetan, “gero eta nabariagoa da krisiaren eraginez, Ongizate Estatuaren oinarrizko zutabea erortzen uzten ari dela Nafarroako Gobernua. Zentzu horretan, osasungintzaren kalitatean dagoen atzerapena adibide argia da”.
Horregatik, Leitzako EAk Nafarroako Gobernuari, eta bereziki Osasun Sailari, “egintza eraginkorra” eskatu dio: “Leitzako eta inguruko herrietako emakumeentzat ginekologia zerbitzu hoberena martxan jarri dezala, garaiz dabilena eta XXI. mendeari dagokiona”. “Ez dezaten 40 kilometro baino gehiago egiteko beharrik izan”, dio EAk.