Nafarroako Artzain Txakur Txapelketaren 43. edizioa jokatu zen igandean Uharte Arakilen eta aurten hamaikagarren aldiz, Antonio Alustiza aresoarrak eskuratu zuen garaipena, Ttiki txakurra lagun zuela. Zazpi urtez segidan izan da Alustiza Nafarroako txapeldun, eta bortz aldiz Ttikirekin.
1993an irabazi zuen Alustizak bere lehen txapela, Argi txakurrarekin. 1996an ere irabazi zuen, baina orduan Jairekin, baita 2000 eta 2001ean ere. 2004an eta 2005ean Argirekin jantzi zuen txapela eta 2006az geroztik, Ttiki du ondoan. Igandeko lehian Bat txakurra ere aurkeztu zuen, urte eta erdikoa, eta seigarren sailkatu zen. Ttikik, berriz, zazpi urte ditu.
Bigarren postua, bertzalde, Baztanera joan zen. Joxe Mari Istilart amaiurtarra Lagun txakurrarekin bigarren gelditu zen, joan den urtean bezala.
Bi lehen postuei esker, irailaren 19an jokatuko den Euskal Herriko Artzain Txakur Lehiaketarako txartela eskuratu dute Alustizak eta Istilartek.