Jaione OLAZABAL | Zinegotzia “Amabirjin eguneko bazkariaz aparte, otordu guziak plazan egiten dira”

TTIPI-TTAPA 2010eko abuztuaren 5a

Jaione Olazabal zinegotzia. Utzitako argazkia

Aresoko bestak

Gauzak denen artean eginez gero, dena da errazagoa. Eta Areson ere, Festa Ba­tzordeari esker Amabirjin festak antolatzea ez da buruhauste haundia izaten. Halaxe adierazi digu Jaione Olazabal Aresoko zinegotziak. Hori bai, lanak garaiz hasiz gero, hobeki. Horregatik hasi ziren Eguberriak pasatu eta gero, musika taldeak auke­ratu eta kontratatzen. “Aurrerago berriz biltzen gara gainontzeko gauzak egi­teko. Baina musika taldeak lehenbailehen egiten saiatzen gara, gero gabe ez gelditzeko”.
Herriko elkarte guztiek parte hartzen dute Festa Batzordean: bi sozidadeek, Guraso Elkarteak, Gazteen Elkarteak, Ehiztari Elkarteak… Eta Olazabalek azaldu digunez, “lehenbiziko bilerak beraiekin egiten ditugu, bakoitzak bere lanak hartzeko”. Izan ere, ardurak banatu egiten dituzte: “kuadrilla batek parrillada antolatzen du, beste batek txistorrada, bazkariaz herriko elkarteak arduratzen dira, afariaz Guraso Elkartea…”. Hortaz, “buruhauste haundiegirik ez da izaten”, dio.
Aurreko urteekin alderatuz, ez dute berrikuntza haundirik sartu egitarauan, baina esan digunez, “gauzak egitarauan sartu ezinik ibiltzen gara. Gauza asko okurritzen zaizkio jendeari eta…”. Nobedaderik ez, baina azken hiruzpalau urteotan izan diren ekitaldiei eutsi nahi diete: Kuadrillen Egunari, adibidez. “arrakasta ikusita mantendu egin nahi ditugu”, dio Jaionek.
Aurrekontua murrizten ere saiatu direla argitu digu aresoarrak, baina bere hitzetan, “ez da erraza”. Dena den, musika talde onak ekartzeko ohitura eduki arren, egun batean merkexeagoa ekartzen saiatu dira.
Eta zerbait nabarmentzeko eskatuta, “plazako giroa” erantzun digu. “Hilaren 15ean jendeak normalean etxean bazkaltzen du familiarekin, baina hortaz aparte, nik uste egun guztiak eta otordu guztiak plazan egiten direla”. Horrekin batera, “festazalea” den heinean, egun guztiak gustukoak dituela ere aitortu digu.
Lerro hauen bidez, festa onak izan daitezen, laguntzen eta parte hartzen duten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie Olazabalek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun