“Eskertzekoa da herriko eragileek pesten antolaketan izaten duten inplikazioa”

TTIPI-TTAPA 2010eko uztailaren 22a

Utzitako argazkia

Leitzako pestak 2010

Lanbidez mekanikoa, urtetan Aurrera futbol taldeko jokalari eta Asketa abesbatzako abeslari izan da  Jon Arangoa Leitzako kultur zinegotzia. San Tiburtzio pesten antolaketan buru-belarri topatu dugu, nahiz eta elkarlanean prestatzen direla azpimarratu digun. “Pestetako antolaketa, pesta batzordearen bitartez egiten da eta bertan Leitzako hainbat eragilek hartzen dute parte. Udal ordezkariez gain, Aurre­ra, guraso elkarte, kultur talde, gazte asanblada, bilgune feminista… Lanean urte hasieran jartzen gara, gauzak ahalik eta azkarren lotuak izateko. Guztien artean hitz egin eta adosten ditugu gauzak eta egia esan oso eskertzekoa da taldeek era­kusten duten inplikazioa”, Arangoaren ustez. Egitaraua prestatzerakoan “noski presupuestoari kaso egin behar zaio –dio kultur zinegotziak–, eta hortik aurrera arra­kastatsu izan diren formulak mantendu eta ahal den heinean gauza berritzai­leak sartzen saiatzen gara. Orokorrean ekitaldi guztiek harrera oso ona izaten dute”. Berrikuntzei dagokienez, aurtengoan honako hau aipatu digu Jon Arangoak: “Suposatu duen lanagatik eta erakutsi duten borondateagatik, Kataluniatik etorriko diren Igualadako castellers taldea eta aurten montatuko den herri eragile ezberdinek sustatutako karpa”. Adinaren arabera gustoak aldatzen badira ere, orokorrean leitzarrek pestak estimatzen dituztela uste du: “Gazteek nik uste Gazte Eguna izaten dutela gustoko. Egun osoa izaten dute gustoko dituztez gauzak antolatu eta gozatzeko. Adinekoek berriz, urtez urte errepikatzen diren ekitaldiak esanen nuke. Dantzarik, herri-kirolak, bertsolarik…”.
Jon Arangoak, berriz, telefonoari maiz kaso eginez pasatzen ditu pestak, “gauzak ongi atera, jendeak gozatu eta parte hartzen duela ikusiz. Azkeneko hauek dira egindako lana eskertzeko modurik onenak”. Pertsonalki, pesta bezpera da gehien gustatzen zaion eguna, “jendeak ongi pasatzeko edukitzen duen gogoagatik”. Aurre­kontuari dagokionez, mantentzen saiatu direla aipatu digu eta finantzaketa gehienean udalaren esku izaten dela, “nahiz eta Aurrerak eta herriko beste eragi­le batzuk antolatzen dituzten zenbait ekitaldi bere gain hartzen dituzten. Aurreraren kasuan (pilotari profesionalak…) eta aurten montatuko den karpan izango diren ikuskizun gehienak ere eragileen kargu joango dira. Lanean bezalaxe, honetan ere laguntzeko erakusten den borondatea eskertzekoa da. Alde horretatik ez dago aitzakiarik”. Azkenean, baten eta bestearen laguntzarekin egitarau bete-betea eta ugaria eskainiko dute Leitzako pestek: “Nik uste egiten den lana baloratzekoa dela eta dauzka­gun baliabideekin holako egitarau bat lortzea oso merituzkoa dela” adie­razi digu Jon Arangoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun