Herritarrak kexu. Edukiontziak puntu bakarrean daudela eta gutxiegi direla kexu dira herritarrak.
Mankomunitatearen zabor bilketa sistema berria dela eta, jendearen artean sortu ziren zenbait kezka eta zalantza argitzeko beharra sortu zen. Herritar asko bilduta, Mankomunitateko lehendakaria den Xabier Zabalori deia egin zitzaion, kezka eta kexa hauei irtenbidea emate aldera, herritarren aurrean argibideak eman zitzan.
Uztailaren 1ean elkartu ziren herritarrak udal ordezkariekin eta Mankomunitateko lehendakariarekin. 20 lagun baino gehiago elkartuta argibide hauek eskatu ziren:
Batetik, edukiontzien kokapenarekin asko ez daude ados. Herrian jarri den puntu bakarra gutxiegi dela diote askok, eta gainera gunetik urrutiegi gelditzen dela. Edukiontzi gutxiegi dagoela zen beste kexa; berehala betetzen direla eta zabor poltsak kanpoan utzi behar izaten direla.
Bestalde, maiatzean izan du Aranoko jendeak zerbitzu honen berri Mankomunitatetik zuzendutako karta baten bidez. Zerbitzua ere (edukiontziak eta gainerakoak) maiatzean jarri dute martxan. Baina kuota urtarriletik zerbitzu hori jaso balute bezala kobratu da. Kobratu ere inolako abisu edo kontsultarik gabe egin zaielako daude kexu herritarrak.
Guzti honen aurrean, Udalaren erantzuna honakoa izan zen: lehengo urtean udaletxeko tabloian anuntzioa jarrita egon zela ikusi nahi zuenarentzat. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere jarrita omen zegoen. Jende askok, ordea, ez du horrelakoetan begiratzeko ohiturarik.
Mankomunitatearen aldetik, berriz, argitasun hauek eman ziren: Europatik datorren legea da zabortegiak itxi egingo direla eta Mankomunitatetik irtenbide hau eman nahi izan zaio arazoari.
Edukiontzi gehiago jarri litezke, baina kokapenak mantenduz. Garesti ateratzen da puntu gehiago jartzea. Zulo txikia duten edukiontzien arazoaz konturatuta, haundiagokoak eskatuta dituzte eta jarriko dituztela agindu dute.
Mankomunitatea urtarriletik hasi zen zerbitzua antolatzen eta gastuak egin dira (kamioiak, materiala, edukiontziak, gestioa, ikerketak...) dena martxan jartzeko. Kuota nahita nahiez ordaindu behar da ondorioz, nahiz eta informazioa berandu bidali dutela aitortu. Irailetik aurrera zerbitzuak hobeki funtzionatuko duela agindu zuen Zabalok, bi kamioi gehiago eskatu dituztelako, besteak beste. Urtea bukatzerako sistema berriaren datuak eskuan, sortu diren arazoak konpontzeko neurriak hartuko dituztela esan zuen.
Etekinak noizbait lortuko balira tasak jeitsiko direla ere aipatu zuen, baina hori oraingoz ez da gertatuko. Konposta egiten dutenek ere datorren urtetik aurrera %20 gutxiago ordaindu dezaten aztertzen ari direla gaineratu zuen.