Baso-biomasa ekoiztuko lukeen instalakuntza paratzea eskatu du Udalak

Esteban Arotzena 2010eko uztailaren 22a

Aurkeztutako proiekturik garestiena da baina begi onez jo dute udalek eta Nafarroako Gobernuak

Kokapena. Baso-biomasaren instalakuntza eginen balitz, Areson koka­tzearen aldeko joera omen da nagusi.

Europar Batasunak eta Espainiako Gobernuak sustatuko Landa Garapen Jasangarriaren Planaren barrenean, aurkeztutako proiek­turik garrantzitsuenetarikoa Goizuetako Udalak proposatutakoa da: baso-biomasa ekoizteko instalakuntza.
Proiektu hau aurrera aterako balitz, irteera duina emanen omen litzaioke egurraren krisiaren eta intsignis pinua eraso duen gaitzaren erruz, basoa jasaten ari den egoera la­rriari. Berogailu eta labeetako erregai bezala erabiltzen den baso-biomasa etorkizuneko produktua da adituen ustez. Beraz, eta egur mota guztiek balio dutenez horretarako, gaur egun ez bezalako errentagarritasuna lortuko luke orokorrean basoaren jabeak.
7,5 milioi euro erabiliko dituzte goian aipatutako bi erakundeek Nafarroako Mendialdeko zenbait bailaretarako (Malerreka, Larraun, Leitza, Goizueta...). Biomasarena da aurkeztutako proiektuen artean garestienetakoa (ia 2 milioi euro), baina hala ere, begi onez jo dute proposamena gainerako udalek eta Nafarroako Gobernuak.
Instalakun­tzaren kokapenari buruz ere hitz egin dute alkateek orain­ arteko bileretan, eta Aresoko industrialdearen aldeko joera nagusia omen da Lekuona alkateak esan digunez, ekoiztutako erregaia kontsumituko lukeen industria inguruan edukitzea komeni delako, beste zenbait arrazoiren artean.
Hurrengo hilaren 13an egin lezake atze-­­aurrera gure herriaren­tzat hain garrantzitsua den gai honek (zonalde­ko gainerako herri guziek batera baino baso gehiago du Goizuetak), egun horretan elkartuko baitira honekin zerikusia duten erakunde guzietako ordezkariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun