Jon Kanflanka leitzarra bigarren izan da Euskadiko sega txapelketan

TTIPI TTAPA 2010eko uztailaren 19a

Jon Kanflanka leitzarrak lan ona egin zuen finalean. Koldo Alduntzin

Igandean Oiartzunen jokatu zen finalean Urki gipuzkoarra gailendu zitzaion

Uztailaren 18an, igande eguerdian jokatu zen 2010eko Euskadiko Sega Txapelketaren finala, Oiartzungo Pikoketako belardian, eta 2003an bezala, Orendaingo Jexuxmari Ormaetxea Urki-k jantzi zuen txapela eta Jon Kanflanka leitzarra bigarren izan zen.

Uztailaren 18an, igande eguerdian jokatu zen 2010eko Euskadiko Sega Txapelketaren finala, Oiartzungo Pikoketako belardian, eta 2003an bezala, Orendaingo Jexuxmari Ormaetxea Urki-k jantzi zuen txapela, bigarrengoz, Isidro Tapia izan duelarik alboan sega zorrozten eta Iker Esnaola aholkuak ematen. 34 urteko segalariak ez zuen iazko txapelketarik jokatzerik izan, baina hamar urteren ondotik berriro jantzi du txapela, Leitzako Jon Kanflanka txapeldunordeari 274,5 kiloko aldea kenduta. Horrenbestez, txapeldun berria du Euskadiko Sega Txapelketak, iaz Juanjoxe Lizasok jantzi baitzuen txapela.

Igandeko finalean lau segalari lehiatu ziren: bi nafar eta bi gipuzkoar. Jexuxmari Ormaetxea Urki (Orendain, Gipuzkoa) eta Jokin Etxeberria (Amasa, Gipuzkoa), Nafarroa Garaikoak ere bi izan dira; hots, Jon Kanflanka (Leitza) eta David Mariñelarena (Lantz).

Urki izan da lehena sail guztietan. Orendaingoak txukun eta sega-kolpe tinkoarekin jardun du bukaera bitarte. Aldiz, bigarren eta hirugarren posturako lehian, parean jardun dute bi segalari nafarrek, baina leitzarra sailkatu da bigarren postuan.

Jon Kanflanka leitzarrak laugarren finala jokatu du, eta iaz hirugarren sailkatu ondoren urrats bat egin du aurtengoan, bigarren sailkatuta. Joxejavier Ariztimuñok zorroztu dizkio segak eta Joxe Gabirondok eman dizkio aholkuak. 250 ikusle bildu ziren Pikoketako belardian eta eguraldi egokiarekin jokatu zen saioa. Belarrari dagokionez, berriz, aproposa final bat jokatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun