Leitzako Atekabeltza Gaztetxea ireki zenetik bost urte beteko dira asteartean, uztailaren 20an eta bosgarren urteurren hori ospatzeko, aste osoko ekitaldiak antolatu dituzte Gaztetxean.
Honela uztailaren 19an, astelehen iluntzean, Palestinaren inguruko hitzaldia eskainiko du iluntzean herrialde horretan ibilitako gazte batek.
Asteartean, “Itsasoaren alaba” dokumentalaren bideo-proiekzioa eta parrillada izanen da 20:00etan.
Asteazken goizean, mendi irteera eginen dute gazteek Usategietara eta bertan emanen dute eguna. Etxolan lo egin ondotik, ostegun goizean bueltatuko dira herrira. Ostegun arratsaldean mahaingurua izanen dute Gaztetxean, eta duela hogei urte baino gehiago itxi zuten lehengo Gaztetxeko kide bat izanen da partaide.
Ostiralean, 22:30ak aldera, Gaztetxean antolatutako korto lehiaketara aurkeztutako bideoen proiekzioa eta sari banaketa eginen da.
Larunbatean, egun osoko ekitaldiak izanen dira. Goizean, kalejira, poteoa, bazkaria, brindisa eta bazkalondoan, hip-hop taldea eta breakdance dantzak izanen dira eta gauean kontzertua izanen da.