Mikel Laboaren ahotsari esker hain ezagunak diren Trabukoren bertsoetan kontatzen den historiari buruzko zalantza guztiak argitu ditu Patziku Perurenak orain dela aste batzuk plazaratutako liburuan: Goizuetan bada gizon bat. Trabukoren kantako misterioak.
Perurenak egindako ikerketaren arabera, Berdabio baserrian maizter bizi zen Joseph de Echagaray da bertsoen egilea; 1747an atxilotu eta Iruñeko kartzelera eraman zuten, Trabuko izenez ezagutzen zuten norbaitek salatu zuelako. «Fabricadores y expendedores de dieciochenos» omen ziren historiaren protagonista den Echagarai eta beste hiru lagun –Echeverria, Quillaberri eta Navaz–, diru faltsuaren egileak, alegia. Elizetan eta ermitetan lapurtutako zilarra erabiltzen omen zuten horretarako. Ikertzaileak aurkitutako datuen arabera, Echagaraik bertsoetan dioena ere, egia dela garbi azaltzen omen da, bi seme eta hiru alaba uzten zituenarena, esate baterako. Lau kondenatuak urkatuak izan zirelako kontua, berriz, ez omen da egia, azkenean libre gelditu baitziren pobretzat deklaratu zituztelako.
Alberdaniak argitaratu du liburua eta 24,50 eurotan dago salgai.