Peru-harri: harriak ere mintzo diren tokia

Gurutze PIKABEA 2010ko eka. 22a, 09:50
Iñaki Perurena, zortzi metroko garaiera duen harri-jasotzailearen irudiaren aurrean. Gurutze PIKABEA

Aspaldiko ametsa egia bihurtu du Iñaki Perurena harri-jasotzaileak Peru-harri museoa zabalduta

Leitzatik Uitzirako bide zaharrean dagoen Gorritenea baserriaren hiru solairuak egokitu, eta inguruko zelaietan egin dituen eskultura ikusgarriekin osatu du Peru-harri museoa Iñaki Perurenak. Euskal Herriko historia azaltzea du helburu, eta adierazi digunez, «gure kulturaren argi izpi bat egon daiteke hemen».

DATUA 7 URTE behar izan dituzte museoa prestatu eta zabaltzeko.

HIRU ELEMENTU
«Barrengo indarra, jentillaren indarra eta mitoaren indarra oraindik batzen direlako gaude harri-jasotzaileak»
Iñaki PERURENA. Leitzako harri-jasotzailea

HARRIA LEIHO ETA KABI
«Harriak leiho eta kabi izan dira niretzat. Leihoa, mundua harriaren bidez ikusi dudalako, eta kabia, babesa izan delako»
Iñaki PERURENA. Leitzako harri-jasotzailea

«Europa zaharreko aztarna bizia, irauten duen aztarna gara euskaldunak. Erromatarrak, zeltak, bisigodoak, gaztelarrak, frankoak, musulmanak… etorri dira, bakoitza bere intentzioarekin, baina lehengo herri zahar hura oraindik bizirik dago». Horixe da hain zuzen Iñaki Perurenak Leitzako Gorritenea baserrian eta inguruan zabaldu duen Peru-harri museoan azaldu nahi duena. Euskal Herriko historia, alegia.
Aspalditik dabil harrien munduan Perurena. 30 bat urtez harri-jasotzaile izan da eta oraindik ere ez ditu sobera baztertuak. Harriak «leiho eta kabi» izan dira Leitzakoarentzat: «Leihoa, mundua harriaren bidez ikusi dudalako, eta kabia, babesa izan delako. Kabian gustura egoten da, eta harriaren munduak hori eman dit niri, dena: kokalekua, bizitzeko modua, ikusteko modua...». Eta harriaren inguruan zerbait egiteko zuen «aspaldiko ametsa» egia bihurtu du Peru-harrirekin. Zazpi  urte behar izan ditu Gorritenea baserria hiru solairuko museo bilakatzeko, eta inguruan eskulturak, trikuharriak, zutarriak eta beste atontzeko. Eta guztia eskuz egin du: «egin duguna gure sosa eta lanarekin egin dugu», dio Perurenak.

Zortzi metroko harri-jasotzailea
Inguruko zelaietan, besteak beste, harri-jasotzailearen omenez, ia zortzi metroko altuera duen harri-jasotzailearen irudia ikus daiteke. Neurria da batez ere eskultura honi begiratuta atentzioa deitzen duena. Harri-jasotzailearekin batera, pixka bat beherago, Nafarroako azken marikaslaren omenez egindako irudia dago, Pedrorena: «Nafarroako benetako heroia da eta guztiz ezezaguna», dio Perurenak.  Beso indartsu bat ere ageri da, soka batez harriari lotua dagoena. Eta honek mitologiari egiten dio erreferentzia. «Mitologiak dio Carlo Magnoren gerlari batek, Roldanek, hemengo mendi batetik Aralarko San Migeleko baseliza urratu nahi izan zuela. Eta sokarekin harria hartu omen zuen horretarako. Baina indar asko eman eta soka hautsi omen zitzaion», azaldu digu leitzarrak. Harri-jasotzailearen, besoaren eta mariskalaren irudien bidez hauxe esplikatu nahi du Perurenatarrak: «jentillen indarra, mitoen indarra,  eta mariskalaren indarra». Beste eskultura bat ere badu: trikuharriak gainean txapela dutela. Eta hauxe du aitari eskainitako irudia: «nire aita beti txapelarekin ibiltzen zen eta gainera, txapelari beste esanahia eman izan diogu Euskal Herrian». Trikuharriarekin eta beste megalitoekin euskaldunok historian iraun dugula adierazi nahi du.

Mamia baserrian
Dena den, Museoaren muina harrizko hiru solairuko Gorritenea baserrian dago. Beheko solairua, garai batean ukuilua zena, plaza itxurarekin egokitu du Perurenak. Harria jasotzeko erakustaldiaren eta bideo baten bitartez ematen ditu hasierako azalpenak.
Lehenengo solairua «gure harrien mundua» dela esanez aurkeztu digu leitzarrak. Inaxio semeak umea zela jasotzen zituen harriak, gerora jaso izan dituzten harri haundiagoak, teknikoki harriak izan duen progresioa, burdinazko harri bat, argazkiak... Hainbat elementu ikus daitezke solairu honetan, baita neolito garaiko harrizko aizkora bat ere, eta baserritik hurbil aurkitua gainera: «badakigu neolito garaian hemen jendea bizi zela, baina gure baserritik 30 metrora aizkora hau aurkitzea zoragarria izan da», aitortu digu Iñakik. «Nafarroako Erresuma babestu zuten gazteluen mapa, Antso jakitunaren garaiko Lingua Navarrorum-aren kopia, Leitzari buruzko xehetasun batzuk eta euskal gizonaren makilak ere aurkituko ditu bisitariak», dio. Eta mutikotan margotzeko eta bertsotarako zuen zaletasuna tarteko, margo eta bertsoak ere badira txoko honetan. «Hizkuntza indoeuropearren zuhaitz genealogikoa ere badaukat, baina hor ez dago euskara, euskara aurreragokoa delako», gaineratu digu.
Eta hirugarren eta azken solairua herri kirolari eskaini dio Perurenak: «Etnografia zentzu batekin, herri kirol modalitate guztiak daude hemen. Denak ere lanetik datoz, baserriko, mendiko, harrobiko eta gaueko lanetik». Bere hitzetan, «oso memoria ttikia dugu, eta ez dugu gogoan garai batean horrela bizi zela jendea». Laburbilduz, «ganbaran, galdu den bizitzeko era bat dago».
Kanpoko eskulturez eta baserriko edukiez gain, karobia, katapulta eta leizeak ere bisita daitezke Peru-harrin.

Pozik eta ilusioz

Hitz gutxitan esanda, honela esplikatu digu Perurenak museoa: «Peru-harri eskenatoki bat da, eta historia bat azaldu nahi du. Hemen euskaldunon artean hiru elementu: barrengo indarra, jentillaren indarra eta mitoaren indarra oraindik batzen direlako gaude harri-jasotzaileak».
Pozik dago egindakoarekin Perurena. Badaki egunero izanen duela zeregina: mantenimendu lana dela, gastuak direla, bisitak... Baina «gauza gutxirekin konformatzen garenez, oso gustura gaude». Eta etorkizunera begira Peru-harrik bizia izatea gustatuko litzaioke, «uste dudalako gure kulturaren argi izpi bat egon daitekeela hemen».
Momentuz, buruan dituen egitasmoen artean, Gorritenearen aurreko belardian, harri-jasotzailearen eskulturaren atzean, Euskal Herriko mapa bat egin nahi du, erliebe eta guzti. Baditu bai ideiak, baina baita eskua ere.

 

BERTZELAKO EKIMENAK

Harrera egiten Lopeneko arkua

Leitzarrentzat aski berezia den arkua aurkituko du bisitariak museo sarreran: Lopeneko arkua. 1956an Lontxo Zubitur arginak –Iñaki Perurenaren emaztearen aitak– egin zuen eta 2009an biribilgunea tarteko kendu behar zutela-eta, Peru-harrira eramateko proposamena egin zion Perurenak Udalari. Trukean, bi urtez sarrera dohainik izanen dute leitzarrek.
Gainerakoan, hau da ordutegia:
• Larunbat, igande eta jai egunetan 10:30etik 14:30era.
• Talde batek astez joan nahi badu 659 701045 telefonora dei dezake.
• Prezioa: helduek 3 euro eta haurrek 2 euro. Leitzarrek bi urteotan dohainik izanen dute sarrera.
• Museoa ikusteko bi modu: norbere kabuz joan eta buelta emanez, edo bestela, bisita gidatuak eginez.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun