Goiherri A taldeak irabazi lur gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketako 640 kiloko txapela, igande goizean, Aian (Gipuzkoa). Pisu horretako hirugarren eta azken jardunaldiko saioa jokatu zen, eta Erandioko (Bizkaia) taldeak irabazi ez zuen arren, eutsi egin zion aurreko bi jardunaldietan lortutako aldeari, baita iaz lortutako txapelari ere. Igandean, Mutrikuk lortu zuen tiraldi bat irabaztea txapeldunei, eta, horri esker, berdindu egin zuten jardunaldiko sailkapenan.
Ondoko sei taldeak aritu ziren sokan, igandean, Aiako zelaian: Areso, Gaztedi (Laukiz, Bizkaia), Getxo (Getxo, Bizkaia), Goiherri A (Erandio, Bizkaia), Goiherri B (Erandio, Bizkaia) eta Mutriku (Mutriku, Gipuzkoa). Goiherri A-k eta Mutrikuk txanda lehiatua burutu zuten, tiraldi ez oso luzeak baina bai borrokatuak eginda. Bi talde horiek mendean hartu dituzte gainerako lau kontrarioak. Areso sailkatu zen hirugarren, aurreko bi talde horiekin galdu ondoren eta gainerako hiruei irabazita. Gaztedik eta Getxok parra egin dute, elkarren aurka jokaturiko txandan, eta baita Goiherri B-k eta Getxok elkarren artekoan ere.
640 kiloko sailkapena
- Goiherri A (Erandio, Bizkaia): 17,5 puntu
- Mutriku (Mutriku, Gipuzkoa): 15,5 puntu
- Areso (Areso, Nafarroa: 11,5 puntu
- Gaztedi (Laukiz, Bizkaia): 9,5 puntu
- Getxo (Getxo, Bizkaia): 6 puntu
- Goiherri B (Erandio, Bizkaia): 3 puntu
640koa bukatu ondotik, 600 kiloko txapelketari ekinen diote orain. Lehen jardunaldia igande honetan, ekainaren 27an, goizeko 11:30ean izanen dute Loiun (Bizkaia). Areoko taldea ere lehian ariko da kategoria honetan.