Altsasuren kontrako lau partidak galdu zituen Leitzak Herriarteko pilota txapelketan

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 9a

Larunbat arratsaldean Arbizuren kontra ariko dira Amazabalen

Altsasuren kontrako lau partidak galdu zituen Leitzak asteburuan Herriarteko pilota txapelketan. Ortziralean, jubenil mailako partida jokatu zen Altsasun eta etxeko Zelaiak eta Lopezek 22 eta 17 irabazi zieten Aurrerako Xabi Jaunarena eta Jon Jaunarena anaiei. Larunbatean jokatu ziren gainerako hiru partidak eta hemen ere leitzarrek ez zuten suerterik izan. Alebinetan, Altsasuko Galartza eta Ramirezek 18 eta 7 irabazi zieten Ander Alduntzin eta Jon Lezeari; infantiletan, Altsasuko Bengoetxea eta Aldazek hutsean utzi zituzten Leitzako Anartz Olano eta Mikel Sagastibeltza; eta nagusien kategorian, Altsasuko Martiaran eta Alustizak 22 eta 6 irabazi zieten Leitzako Iñigo Zubillaga eta Mikel Iriarteri.

Larunbat honetan, 19:00etatik aurrera Arbizuren kontrako partidak jokatuko ditu Leitzak Herriartekoan. Alebinetan, Ander Alduntzin eta Jon Lezea, Arbizuko Nazabal eta Goikoetxearen kontra ariko dira; infantiletan, Anartz Olano eta Mikel Sagastibeltza Lasarte, Arbizuko Gurutxarri eta Mendinuetaren kontra; jubeniletan, Xabier Jaunarena eta Jon Jaunarena, Jaka eta Karasatorreren kontra eta seniorretan, Iñigo Zubillaga eta Mikel Iriarte, Ezkurdia eta Lukinen kontra.

 

Nafarroako Kirol Jolasak

Nafarroako Kirol Jolasetan, larunbat goizean Leitzan jokatutako partidetan, hirugarren mailako benjaminetan, Aurrerako Joseba Eskuderok eta Naia Eskuderok 18 eta 13 irabazi zioten Oberenako bikoteari; bigarren mailako infantiletan, Aurrerako Xabi Zubiriak eta Lenitz Galartzak 18 eta 15 irabazi zioten Zugarraldeko bikoteari eta Aurrerako Ander Eskuderok eta Ander Gartziarenak 18 eta 2 irabazi zioten Esteribarko bikoteari. Etxetik kanpo ere, Burlatan, garaipena lortu zuten hirugarren mailako infantiletan Aurrerako Julen Goikoetxeak eta Mikel Erasok, 7 eta 18 irabazi baitzioten Zugarraldeko bikoteari.

 

Beste txapelketak

Hitza txapelketan, ostiralean Bidegoianen jokatutako infantil mailako partidan, Aurrerako Ander Gartziarenak eta Ander Eskuderok 12 eta 18 galdu zuten Larrea eta Peñarekin.

Elgetako txapelketan, kadetetan, Anartz Olanok 22 eta 17 irabazi zion Artolari.

Añorgako txapelketan, infantiletan, Aurrerako Ander Gartziarena eta Xabi Zubiriak 18 eta 5 irabazi zuten eta Lizarrako txapelketan, infantiletan, Aurrerako Jon Lezeak eta Ander Eskuderok 18 eta 17 irabazi zieten Zubiaurre eta Gallegori.

 

Asteburuan finalak eta finalerdiak

Datorren asteburuari begira, partida garrantzitsuak izanen dituzte Aurrerako pilotariek.

Nafarroako Kirol jolasetan, finalak jokatuko dituzte Aurrerako lau bikotek. Larunbat goizean Burlatan, hirugarren mailako infantiletan, Aurrerako Julen Goikoetxea eta Mikel Eraso, Errekako bikotearen kontra ariko dira. Bigarren mailako infantiletan txapela Leitzara joanen da, Aurrerako Xabier Zubiria eta Lenitz Galartza alde batetik eta Ander Eskudero eta Ander Gartziarena bestetik, izanen baitira aurrez aurre finalean. Zizur Nagusian, hirugarren mailako benjaminetan, Aurrerako Joseba Eskudero eta Naia Eskudero, San Francisco Javier ikastetxeko bikotearen kontra ariko dira finalean.

Elgetako txapelketan, nagusien kategoriako finalerdia jokatuko du ostiral arratsaldean Jon Jaunarena leitzarrak Ricoren kontra.

Herrerako txapelketako finalerdian, igande goizean Aurrerako Xabi Jaunarena eta Mikel Hernandorena, Aurrerako Anartz Olano aresoarra eta Tolosaren kontra ariko dira.

Lizarrako txapelketako finalerdian ariko dira, infantil mailan, Aurrerako Xabi Zubiria eta Ander Eskudero.

Añorgako txapelketan, azkenik, alebin mailako partida izanen dute igande goizean Jon Lezea leitzarrak eta Iker Salaberria goizuetarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun