Urte batzuk badira Aranon sardina jateko aitzakiarekin hainbat herritar Kontseju aurrean elkartzen direla. Mahai batzuk bertara atera, parrilletan sua piztu eta sardinak erretzen aritzen dira herritar batzuk, tartean Mairtzeneako Joxe Antonio.
Aurten ere jarri dute eguna afari hau egiteko. Ekainaren 25ean izango da, ostiralarekin, eta bertara joan nahi duenak ekainaren 23rako izena eman dezala eskatzen dute antolatzen dabiltzanek.
Ilunabarrean, 20:30 inguruan elkartuko dira betiko modutsuan. Sardina usaina zabalduko da berehala herrian. Ez da besterik izango jateko, ezta beharrik ere! Atzetik gazta pixka bat jan eta Kontsejun kafea hartu, eta mahai inguruan sortuko den giroak aseta utziko ditu bertaratutakoak. Beraz, animatu eta deitu Kontsejura lehenbailehen!