Arrakasta haundiarekin joan zen Iskibi kanpinak antolatuta maiatzaren 29an egin zen mendi bizikleta ibilaldia: guztira 123 lagun animatu baitziren. Kanpinetik adierazi digutenez, «dena oso ondo atera zen», baina horretarako «herritarren laguntza ezin hobea izan zen». Bi ibilbide izan zituzten aukeran txirrindulariek, eta gehienek luzea aukeratu zuen, Txino auzotik ezkerretara maldan gora hartuta. Helmugaratu zen lehenengoak ordu bat eta 30 minututan osatu zuen itzulia, baina gehienek bi ordutik gora behar izan zuten. Eta garrantzitsua, jendea gustura gelditu zela ibilbidearekin. Bukatu eta gero luntxa izan zuten eta zozketa bidez, opariak ere banatu ziren.