800 lagun bildu zituen Musun baserriaren aldeko kantu jaialdi handiak

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 9a

Jendetza bildu zen plazan Musun baserrikoei elkartasuna eta berotasuna adieraztera. Pantxoa eta Peioren abestiek berriz ere hunkidura sortu zuten. TTIPI TTAPA

Baserriko bizilagunek esker ona adierazi dute ohar bidez

Musun baserria kiskali zuen sua itzali eta berehala elkartasuna piztu zen herrian. Elkartasun honen azken adibidea larunbatean ikusi ahal izan zen, ezbeharra gertatu eta hiru hilabete luzera, Euskal Herria Kantuz jaialdi handiarekin. Leitzako plazara bildu ziren protagonisten artean Pantxoa eta Peio edo Erramun Martikorena bezalako izen handiak izan ziren. Aitzakia Musun baserriko lagunei berotasuna eta elkartasuna adieraztea zen.

Otsailaren 28an izandako sutea eta bi astera elkartasuna adierazteko arduradunak kirolariak izan baziren jaialdi baten bitartez, larunbatean abeslarien txanda izan zen. Haiek izan ziren larunbateko protagonista nagusiak. Eurek eta kantu jaialdiari ederki erantzun zioten 800 kantuzaleek. Guztiek eman zioten bukaera arratsalde goxoari Erramun Martikorenarekin batera Xalbadorren heriotzean, jaialdia Agur jauna kantatuz bukatu aurretik.

Aurretik bi ordu eta erdiko jaialdi zirraragarri eta arina izan zen Leitzako plazan. Jeiki Abesbatzak hasiera eman zion ekitaldiari, Kristina Urrutia eta Unai Zabaletak egindako aurkezpenen ondotik. Beste zenbait artista gehitzen joan ziren bi eszenatoki edukitzeak ematen zuen bizitasunarekin. Thierry Biskary abeslari behenafarra, Aurrera taldeko dantzariak, Jon Gurrutxaga eta Jaione Olazabal ageri ziren lehenetakoak izan ziren eta maisuki berotu zuten giroa Erramun Martikorena agertu zenerako.

Baigorriko kantariak Xalbadorren bertso batzuk abestuz hasi zuen bere emanaldia. Alabaina, bere lehen agerpenaren unerik hunkigarriena bere Baigorriko artzain laboraria diskoko klasikorik handienarekin heldu zen, Maitia galde egin zautan abestiarekin hain zuzen ere.

Patxi Saiz abeslari getariarra izan zen jaialdiaren bigarren ataleko protagonista. Gipuzkoarrak dozena erdi kanta abestu zituen Jose Luis Aranburu soinujole eta Anjel Mariezkurrena antolatzailearen laguntzarekin. Saiz abeslaria gaztearen lekukoa Pantxoa eta Peiok hartu zuten. Eta haiekin batera gaueko momentu gorenak heldu ziren.

Lapurtarrek Azken dantza hau, Itziarren semea edota Batasuna bezalako ereserkiak ekarri zituzten Leitzako plazara, baita nostalgia puntu bat ere. Kantaldia bukatu baino lehen Jasone Olazabal, Jon Gurrutxaga eta Mikel Saizeri oholtza gainean aritzeko bigarren txanda bat heldu zitzaien. Txalotuena Olazabalek abesturiko Nafarroa jota ederra izan zen. Ondotik, jaialdian parte hartu zuten guztiak eszenatoki nagusira igo ziren eta Urepeleko artzainaren omenez abesteko tenorea heldu zen, ekitaldi zoragarri bati bukaera ezinhobea emateko.

 

Musungo familiak ere, eskerrak eman nahi izan dizkie, ohar bidez, laguntza eskaini duten guziei.

 

 

Musungo familiaren esker onak:

Otsailak 28ko goiza ilun esnatu zitzaigun Musungo familiari, sute tamalgarri batek gure sortetxea eta senide Migelikoren bizitetxe zena kiskali baitzigun. Bertan, Migelek bere ondasun guztiak galtzeaz gain, inoiz berreskuratu ezin izango ditugun gauzak galdu genituen: aiton-amonen oroigarriak, bertako txoko bakoitzak ekartzen zizkigun oroitzapenak eta sortzen zizkiguten sentimenduak, …

Baina geroztik dena ez da iluna izan, une horretan bertan, bai ondorengo hilabete hauetan herritarrek nahiz kanpokoek erakutsi diguzuen hurbiltasunak, maitasunak, laguntzak, … hunkiturik gaitu, nola eskertu ez dakigularik.

Hainbat lagun bildu eta batzorde bat antolatu zuten, ekimen ugari martxan jarriz: herri-kirolen eta euskal kantuen jaialdia, kontu korronteak, … beren borondate onenez.

Hori dela eta, hitz hauen bidez, bestela ez baitugu modurik aurkitzen, eskerrak eman nahi dizkizuegu modu batera edo bestera zuen laguntza eta elkartasuna erakutsi diguzuenei.

Goizago edo beranduago, baina argi dugu Musun berriro goian ikusiko dugula, eta hori neurri batean zuei esker izango dela. Horrela ba, jakin ezazue guk bertako txoko bakoitzean zuen elkartasuna ikusiko dugula, eta zuek bertara begiratu eta arro egon zaitezketela, zuei esker izango baita hori posible.

Bihotz-bihotzez mila esker beti zorretan egongo garen Musungo famili guztiaren partez.

Musundarrak

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun