Leitzako Arkiskil auzoko Musun baserria erabat kiskalita gelditu zen otsailaren 28an gertatu zen sutearen ondorioz. Suhitzaileek ezin izan zuten baserria sugarretatik libratu. Musun baserriak 300 urte baino gehiago ditu eta erabat hondatua gelditu bazen ere, bertan bizi den Miguel Martin Sagastibeltza onik atera zen etxetik. Geroztik, suteak sortutako kalteak ordaintzeko elkartasun uholde handia sortu da Leitzan. Martxoaren 13an herri kirol jaialdia antolatu zen Leitzako plazan. Kirolari gehienak leitzarrak izan ziren, horretarako aukera ederra baitago herrian. Honela, aizkoran, Jon Rekondo, Arkaitz Olano, Ruben Saralegi, Eneko Saralegi, Xanti Olano eta Xabier Mindegia artitu ziren; harrijasotzen, Iñaki eta Inaxio Perurena eta Mieltxo Saralegi; lasterka, Iñigo Dorronsoro, Fernando eta Iñigo Irazoki eta Jose Mari Zestau; txingekin Miel Angel Sukun-tza eta Mikoneko Jon Kanflanka segalariak ere, belarraren faltan, erakustaldi berezia egin zuen.
Baina herriko kirolariek ez ezik, Euskal Herri osoko kantariek ere bere elkartasuna adierazi nahi diote Musun baserrikoei eta Euskal Herria Kantuz! Jaialdia eskainiko dute plazan larunbatean 18:00etan. Pantxoa eta Peio, Erramun Martikorena, Patxi Saiz, Thierry Biskary, Jaione Olazabal eta Jon Gurrutxaga, Mahai inguruko taldea, Leitzako Jeiki Abesbatza eta Leitzako Aurrerako dantzariak ariko dira jaialdian. Sarrerak 15 eurotan saldu dira, baina kantariak muxutruk etortzeko prest agertu direla nabarmendu du Angel Mariezkurrenak, jaialdiko antolatzaileetako batek.
Bi eszenatoki
Angel Mariezkurrena eratsundarrak esperientzi handia du kantu jaialdiak antolatzen, azkeneko sei urteetan Sunbillan, Elizondon eta Urdazubin egin den Kantu Zaharren Egunaren bultza-tzaile nagusia baita. Mahai inguruko taldearen kide ere bada. Larunbatekoa jaialdi dotorea izanen dela uste du. "Bi eszenaleku jarri ditugu herriko plazan, honela emanaldi bat akitu orduko bestean hasiko lirateke, bi orduko ikuskizuna eskainiz. Honela, ez da denborarik galduko eta gauzak arin-arin joanen dira, goxotasun bat emanen zaio eta gustagarria izanen da" dio.
Hilabeteak daramazki larunbateakoa prestatzen Eratsungo semea. Berak dioenez, "Muxun baserria erre eta bi astera herri kirol jaialdi arrakastatsua izan zen, jendeak borondate handia erakutsi zuen. Handik hilabete batera edo deitu ninduen Leitzako jendeak, jaialdiren bat prestatzeko, Kantu Zaharren Egunaren antolaketan aritzen naizelako eta hainbat kantarirekin harremana dudalako. Sorpresa handia hartu nuen, baina pozik, Leitzako herria maite dut, bost urtez lanean aritu nintzen eta denak ezagutzen ditut. Honela, ezagutzen ditudan kantari ba-tzuekin hitzegin eta nere proposamena mahai gainean jarri nuen eta ikaragarri gustatu zitzaien. Egun egokia topatu behar zen, abudo herrietako festak hasten direlako, ikasleak ere azterketetan murgiltzen dira eta ekainaren 5a data egokia iruditu zitzaigun. Kantariak ados daude, ordu egokia da edozeinentzako joateko eta adi-tzeko. Eguraldi ona emana da asteburu guzirako eta hori garrantzi-tsua izanen da".
Musun baserrikoei elkartasuna adieraztea da helburua eta horretarako Euskal Herriko kantari onenetakoak elkartzea. Bi pentsamendu zituen Marizkurrenak: "Zer lortu behar da, hainbeste jende elkar-tzea dirua biltzeko edo jendeak Musun baserriari berotasuna eta elkartasuna adieraztea. Bigarrena aukeratu genuen, eta horregatik sarrera merke jarri dugu, 15 euro, Musungoek berotasuna soma dezaten eta horretaz gain, diru pixko bat biltzen bada, hobe".
Kantarien aldetik, jarrea izugarri ona izan dela azpimarratu nahi du, "denek baiezkoa argi eta garbi eman zidaten -aipatu digu-, inolako baldintzarik gabe eta kasik agenda begiratu beharrik izan gabe. Helburua zein den aipatzearekin, ez zuten zalantzarik izan. Borondate handia erakutsi dute eta ez dute arazo bakar bat ere jarri, eta hori aipagarria da maila honetako kantarietaz ari garenean. Sorpresa handia eta oso ona izan da".
1.500 sarrera atera dira saltzera, 15 eurotan. Angel Mariezkurrenak dioenez, "honelako mailako kantariak dituen jaialdi bateko sarrerak askoz gehiago balio du, baina aipatu bezala, helburua elkartasuna adieraztea eta berotasuna ematea da. Nik uste jendea bilduko dela. Mahai Inguruko taldeak nolabait Baztan eta Malerreka aldeko elkartasuna adieraziko du, herritar guziena".