Hainbat eskulangile bildu zituen igandean Leitzako XXXII. Azokak

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 1a

Goiko argazkian, Liñu Putzu taldekoak ehoziri lanak egiten eta behekoan, Patxi Fuertes bere buruhaundi eta kiliki tailerrean. TTIPI TTAPA

Kultur Aroko ekitaldiek segida izanen dute aste honetan eta larunbateko Euskal Herria Kantuz jaialdi handia izanen da aipagarriena

Leitzako Kultur Astearen edo Aroaren harira urtero egiten den artisautza azokak hainbat eskulangile bildu zituen igandean plazan. Aurtengoan hogeita hamabigarren aldia bete du azoka honek. Goizean goiz gaitero taldea ibili zen herriko kaletan, jendea iratzarriz. 11:00etarako hainbat eskulan ikusgai eta erosgai zeuden plazan. Zurean egindako lanak, larruzko oinetakoa, zilarrezko bitxiak, xaboi eta lurrin naturalak, eskuz egindako arropa, birziklatutako paperarekin egindako produktuak, eztia… Patxi Fuertesek bere buruhandi eta kiliki tailerra ere Leitzako plazara hurbildu zuen. Hernaniko Gorka Setienek idortutako loreekin txartelak eta postalak nola egiten diren erakutsi zuen eta Leitzako Liñu Putzu taldekoek ehoziri lanak egiten eman zuten goiza.

 

 

Larunbatean Euskal Herria Kantuz jaialdia

Leitzako Kultur Aroaren erdia baino gehiago bada ere, bertze zenbait ekitaldi izanen dira aste honetan. Aipagarriena, larunbatean, Musun baserriaren alde eginen den Euskal Herria Kantuz jaialdi handia.

 

 

EKAINAK 1, ASTEARTEA

• 20:00etan Aurreran: Euskaldunak Ameriketan, Josu Iztuetaren hitzaldia.

 

EKAINAK 2, ASTEAZKENA

• 20:00etan Aurreran, 1512: Nafarroaren konkista dokumentala eta solasaldia. Hizlaria An­gel Rekalde izanen da.

 

EKAINAK 3, OSTEGUNA

• 20:00etan Aurreran: Anuntxi Arana euskal mitologiarei buruz.

 

EKAINAK 4, OSTIRALA

• 20:00etan Aurreran, pagoen mugarraketaren zergatia eta historia, Trepalarien eskutik.

• 00:00etan Torrean: Makulu ken-en kontzertua eta DJ-a.

 

EKAINAK 5, LARUNBATA

Ekainaren 5ean, Musun baserriaren alde Euskal Herria Kantuz jaialdia eginen da plazan. Puntako abeslariak gonbidatu dituzte 18:00etan hasiko den emanaldira: Pantxoa eta Peio, Erramun Martikorena, Patxi Saiz, Thierry Biskary, Jaione Olazabal eta Jon Gurrutxaga, Mahai inguruko taldea, Jeiki abesbatza eta Aurrerako dantzariak.

Sarrerak 15 eurotan toki hauetan eros daitezke: Leitzan, Maimur eta Astiz liburudendetan; Donezteben, Ameztia tabernan; Elizondon, Kortarixar sagardotegian, Tolosan Bilintxen; Lekunberrin Ainhoa tabernan, Lakuntzan, Lagun artea tabernan eta Iruñan, Karrikiri elkartean.

 

EKAINAK 6, IGANDEA

• 19:00etan elizan, organo emanaldia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun