Bertso saio haundia antolatu du IKAk larunbat honetarako

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 28a

TTIPI TTAPA

Euskal Herriko txapelketako azken zazpi finalista eta Sebastian Lizaso ariko dira

Ez dago aspertzeko astirik Leitzan. Kultur Aroa ekitaldiz gainezka doa, eta ekainaren 12ra arte izanen delako non gozatua. Dena den, guztien artean, badira nabarmentzeko ekitaldi batzuk. Esaterako, 20 urte bete ditu aurten IKA euskaltegiak eta urteurren hori ospatzeko, festa eguna antolatu du larunbat honetarako, maiatzaren 29rako

14:00etan kantu bazkaria eginen da Karrapen, eta ondotik, Muxikoak eta Ingurutxoa. Baina ekitaldi aipagarriena 19:00etan hasiko den bertso saioa izanen da. Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Jon Maia, Unai Iturriaga, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi ariko dira kiroldegian.  Beraz, Maddalen Lujanbio txapelduna izan ezik, Euskal Herriko txapelketako finalistak arituko dira kiroldegian. Zortzikotea Sebastian Lizasok osatuko du. Gai-jartzailea herria izanen da.

Aurretik 10 eurotan eros daitezke txartelak eta egun berean, 12 eurotan. Leitzan, euskaltegian, Torrean, Maimurren eta Astizen daude; Goizuetan, Urrutinean; Basaburuan Aizarotzeko ostatuan eta Betelun Herriko Ostatuan.

 

Asteburuko beste ekitaldiak

 

MAIATZAK 28, OSTIRALA

• 17:00etan plazan: haurrentzako jolasak.

• 20:30ean Iraganari begira, etorkizuna irabazte­ Euskal Memoria fundazioaren aurkezpena Aurreran, Joxean Agirreren eskutik.

• 23:00etan Peritzan, Okasientes taldearen kontzertua.

 

MAIATZAK 29, LARUNBATA

• 09:00etan plazan, Iruso aldeko trikuharriak ikusteko mendi ateraldia, Mendibil taldeak antolatuta. Irusora autoz. 

• 00:00etan Atekabeltzen, Gazte Asanbladak antolatuta kontzertuak: Errugabe, Sutan eta Fiemo.

 

MAIATZAK 30, IGANDEA

• 09:00etan gaiteroak.

• 11:00etan plazan, XXXII. artisau azoka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun