Ixabel eta Ainhoa Ansa segalariak sarituak izan dira Okzitanian

Ansa 2010eko maiatzaren 25a

Ainhoa eta Ixabel Ansa, iloba eta izeba, sega eskuan. Artxibokoa

Larunbat honetan Ormaiztegin ariko dira

Maiatzaren 15ean jokatu zen Okzitaniako Le Fossat herrian bertako 4. Sega Eguna. Ixabel eta Ainhoa Ansa izeba-ilobak Euskal Herriko emakumezkoen ordezkari izan ziren eta txapelketan ongi baino hobeki moldatu ziren, lehen sari bana ekarri baitzuten.
Euskal Herritik ez ezik, Gaskoinatik, Gironatik eta Fossatetik bertatik gerturatutako 32 segalarik parte hartu zuten, larunbat goizean hasi zen txapelketan. Lanak, ordea, ez ziren hemen eta nazioarteko txapelketa nagusietan izaten direnen antzekoak izan. Segalari bakoitzak egoki ikusitako maila zabalera eraman behar izan zuen eta kontramailan ebakiz itzuli. Denbora neurtzearekin batera, bi mailen zabalera, txukuntasuna eta moztutako sailaren zuzentasuna neurtu zituzten epaileek. Ixabelek ebaki zuen euskaldunetan aurrena.
Epaileek egindako neurketa guztiekin, sailkapen orokorra eman zuten lehendabizi eta gizon eta emakumeena denena nahastuta ematen zutela, Ainhoa bigarren gelditu zen, hau da, emakumeetan lehenbiziko.
Abilidade artistikoaren lehendabiziko saria, emakumeetan, Ixabelek eraman zuen. Segakerari eta egindako lanari begiratuta emandako saria izan zen hau eta, esan daiteke, berau izan zela sari nagusiena.
Egindako lanarekin pozik, larunbatean, maiatzak 29, arratsaldez Ormaiztegin eginen den taldekako herriarteko sega txapelketarako prestatu beharko dute izeba-ilobek. Txapelketa horretan Fossateko eta Gironako segalariak espero dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun