Denboraldiari behar bezalako agurra emateko, Oialde Txoko elkarteko 30 gaztetxo Sendaviva natur parkean izan ziren maiatzeko bigarren asteburuan, bi begirale lagun zituztela. Eguraldia gorabeheratsua izan arren, jolas askotan ibili ziren, besteak beste, Boshleigh mendi errusiarra edo erorketa askea delakoan. Bardeak ikusten zituzten altueratik. Gainera, parkean jende gutxi zegoenez, errepikatzeko aukera ere izan zuten. Animalia basatiak ere bertatik bertara ikusi zituzten, eta opariren bat edo beste erosi ondoren, etxerako bidea hartu zuten. Oso gustura igaro zuten eguna, eta berriro itzultzeko gogoz gelditu ziren.