Herriarteko pilota txapelketan lautik hiru partida irabazi zizkion Leitzak Uharte-Arakili

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 25a

Asteazken honetan, Amazabalen ariko dira Leitza eta Uharte

Uharte Arakil eta Leitza aurrez aurre izan ziren ostiral arratsaldean Nafarroako Herriarteko pilota txapelketan. Sakanako herrian jokatu ziren lau partidetatik hiru irabazi zituzten leitzarrek eta Uhartekoek baino 33 tantu gehiago atera zituzten denera.

Alebinetan, Leitzako Ander Alduntzin eta Jon Lezeak 18 eta 3 irabazi zioten Uharte Arakilgo bikoteari; infantiletan, Mikel Sagastibeltza Lasarte eta Ibai Barberenak hutsean utzi zuten Uharteko bikotea. Bi kategoria handienetan berdintasun gehiago izan zen. Jubeniletan, Leitzako Anartz Olanok eta Mikel Hernandorenak 22 eta 17 irabazi zioten etxeko bikoteari eta nagusien kategorian ailegatu zen Uhartekoen garaipen bakarra, 22 eta 17 irabazi baitzieten Leitzako Jon Jaunarena eta Mikel Iriarteri.

Maiatzaren 26an, asteazken arratsaldeko 18:00etan hasita Leitzako Amazabal pilotalekuan Herriarteko txapelketaren bertze jardunaldi bat jokatuko dute Leitzak eta Uhartek. Alebinetan, Leitzako Ander Alduntzin eta Jon Lezea, Uharteko Etxeberria eta Etxegiaren kontra ariko dira; infantiletan, Leitzako Mikel Sagastibeltza Lasarte eta Anartz Olano, Uharteko Astiz eta Goñiren kontra; jubeniletan, Leitzako Xabier Jaunarena eta Jon Jaunarena anaiak Uharteko Loban eta Minaren kontra eta nagusietan, Leitzako Iñigo Zubillaga eta Mikel Iriarte, Yoldi eta Landiribarren kontra.

 

 

Beste txapelketak

Elgetako txapelketan, Jon Jaunarena leitzarrak 22 eta 17 irabazi zion Peñas-i.

Lizarrako txapelketan, infantiletan, Aurrerako Jon Lezeak eta Ander Eskuderok 18 eta 13 irabazi zieten Mariezkurrena eta Saldias-i; Herrerako txapelketan, kadete mailan ere garaipena lortu zuten Xabi Jaunarenak eta Mikel Hernandorenak, 22 eta 10 irabazitan.

 

Nafarroako Kirol Jolasak

Nafarroako Kirol Jolasetan, Leitzan jokatutako partidetan, hirugarren mailako alebinetan, Aurrerako Joanes Illarregi eta Beñat Billabonak 2 eta 18 galdu zuten Zugarraldeko bikotearen kontra; hirugarren mailako infantiletan, Aurrerako Iñaki Saralegik eta Mikel Erasok 18 eta 10 irabazi zioten Zugarraldeko bikoteari; bigarren mailako kadetetan, Aurrerako Joxerra Aldaregia eta Ibai Gilek 22 eta 12 irabazi zioten Cantolaguako bikoteari eta Xabi Erasok eta Lenitz Galartzak 19 eta 22 galdu zuten Esteribarko bikotearekin.

Etxetik kanpo jokatutako partidetan, Iruñean, hirugarren mailako benjaminetan, Aurrerako Joseba Eskuderok eta Naia Eskuderok 18 eta 16 irabazi zioten Oberenako bikoteari eta Irurtzunen, bigarren mailako infantiletan, Aurrerako Ander Eskuderok eta Ander Gartziarenak 15 eta 18 galdu zuten Bi Aizpeko bikotearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun