Leitzako herriak omenaldia eskaini zien bere kirolariei, lehengo, oraingo eta etorkizuneko kirolariei. Modu honetara, Lopeneko errotondan jarritako oroitarria edo errolan-harria ere ofizialki inauguratu zuten Leitzan. Pello Iraizozek landutako harri honetan Leitzak herri kirolarekin mendetan izan duen harremana nabarmentzen da, Leitça 1192tik Leitza 2010era.
Ekitaldian parte hartzeko Leitzako aizkolari, harrijasotzaile, pilotari eta segalari guziak deituak zeuden, baina batzuk ezin izan zuten parte hartu, Abel Barriola eta Oinatz Bengoetxea pilotariek edo Iñaki Perurena harrijasotzaileak, esaterako. Aldiz, Migeltxo Saralegi harrijasotzailea, Jon Kanflanka segalaria edo Enrique Bildarraz, Ruben Saralegi, Diego Riaño, Arkaitz Olano, Eneko Saralegi eta Mikel Zabaleta aizkolariek erakustaldiak eskaini zituzten. Aipatzekoa, Enrique Bildarrazek, bere 74 urtetan aizkorarekin erakutsi zuen sasoia.
Kultur Aroaren asteko ekitaldiak
Ekitaldi xume honekin, herriko kirolariak omentzeaz eta oroitarria inauguratzeaz gain, hasiera eman zitzaion XXXIII. Kultur Aroari. Aste honetan eta hurrengotan hainbat ekitaldi izanen dira.
Aste hauetakoak hauek izanen dira:
MAIATZAK 25, ASTEARTEA
• 20:00etan Aurreran: David Anauten lan sarituaren aurkezpena: “Argiak eta itzalak euskararen lurraldean. Euskararen etxean, gazigozo”.
MAIATZAK 26, ASTEAZKENA
• 20:00etan zineman: Ximeneiak langileen mugimenduari buruzko dokumentala ikusgai, Goizeder Urtasunek egina.
MAIATZAK 27, OSTEGUNA
• 20:00etan zineman: “Ama Dablam-09 espedizioa”, Juan Maritorenaren eskutik.
MAIATZAK 28, OSTIRALA
• 17:00etan plazan: haurrentzako jolasak.
• 20:00etan elkarretaratzea. Ondotik “Iraganari begira, etorkizuna irabazteko” Euskal Memoria fundazioaren aurkezpena Aurrera elkartean, Joxean Agirre idazlearen eskutik.
• 23:00etan Peritzan, rock kontzertua Okasientes taldearekin.
MAIATZAK 29, LARUNBATA
• 08:00etan plazatik abiatuta, mendi ateraldia, Mendibil taldeak antolatuta. Leitzalarreko trikuharriak ezagutzeko aukera izanen da.
• IKA euskaltegiaren 20. Urteurrena ospatzeko ere zenbait ekitaldi izanen dira. 20 urte bete ditu aurten IKA euskaltegiak euskara ikasi eta hobetu nahi dutenei bidea errazten. Eta urteurren hori modu berezian ospatzeko asmoz, besta eguna antolatu dute. Eguerdian, 14:00etan kantu bazkaria eginen da Udaletxeko Karrapen. Eta ondotik, Muxikoak eta Ingurutxoa dantzatuko dituzte. Eguneko ekitaldi aipagarriena, halere, 19:00etan hasiko den bertso saioa da. Euskal Herriko bertsolaririk onenetarikoak gonbidatu baitituzte kiroldegira: Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Jon Maia, Unai Iturriaga, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi. 2009ko Txapelketa Nagusiko finalistak dira zortzitik zazpi. Aurretik erosiz gero, txartelak merkeago egonen dira: 10 eurotan. Egunean bertan, berriz, 12 eurotan. Leitzan, euskaltegian, Torrean, Maimurren eta Astizen daude salgai; Goizuetan Urrutinean; Basaburuan Aizarotzeko ostatuan eta Betelun Herriko Ostatuan.
• 00:00etan Atekabeltzen, Gazte Asanbladak antolatutako kontzertuak.
MAIATZAK 30, IGANDEA
• 11:00etan plazan, XXXII. artisau azoka.