Mandoegiko haize-parke proiektua gelditzea eskatu dio Leitzako Udalak Eusko Jaurlaritzari

TTIPI TTAPA 2010ko mai. 19a, 10:41

Leitzako hegoaldean, Aritzen, beste haize-parkea dagoela kontuan hartuz, Mandoegikoak "herria itoko lukeela" uste du Leitzako Udalak. TTIPI TTAPA

Elduain eta Berastegi inguruan, Nafarroako mugatik hurbil 28 haize-errota jartzeko egitasmoa dago

Mandoegiko haize-parkearen proiektua gelditzea eskatu dio Leitzako Udalak Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, Gipuzkoako mugan, Elduain eta Berastegi artean, Mandoegi-Urepel inguruan eragina izanen lukeen parke horretan 28 haize-errota jartzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak.  Ezker Abertzaleak eta Eusko Alkartasunak onartutako mozioaren arabera, egitasmo horrek eragin kaltegarria izanen luke Nafarroako aldean, Goizueta, Arano eta Leitzan. Mandoegiko haize-parkea gelditzea eskatzen duen idatzi hori, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Industria sailari bidaliko zaio.

Idatziak gogoratzen duenez, Leitzako hegoaldean bada beste haize-parke bat, Aritzekoa, eta bigarrena eginen balitz “herria ito eginen luke”. Haize parkeak kaltetzen dituen udalei ez zaiela deus galdetu kritikatu du Xabier Zabalo Leitzako alkateak eta egitasmoak aurrera segitzen badu udal horiek guziek (Hernani, Urnieta, Goizueta, Areso, Elduain, Berastegi eta Leitza) bat eginen dutela iragarri du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun