Leitza eta Goizueta arteko errepidea hobetzea eskatu dio Leitzako EAk Gobernuari

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 18a

Basakabiko bidegurutzea, Leitza eta Goizueta arteko errepidean. TTIPI TTAPA

20 Tonatik gorako kamioiak berriz ere ibiltzen ahal dira NA-4150an

Leitza eta Goizueta lotzen dituen NA-4150 errepidea “osotasunean hobetzea” eskatu dio Leitzako Eusko Alkartasunako udal taldeak Nafarroako Gobernuari. Gobernuaren irizpide eza ere salatu du EAk, “itxuraz inolako zuribiderik gabe, 20 Tonatik gorako kamioei ireki eta itxi egiten baitie errepidea”. Izan ere, denbora batez kamioi handientzako itxia egon da bidea, baina orain berriz ere egin du Gobernuak. Hortaz, “Gobernuaren seriotasun falta, inprobisatzea eta irizpide eza” salatu du EAk.

Halere, Leitzako udal talde honentzat okerrena zera da, “errepideak berez dituen arazoei ez zaiela irtenbiderik ematen, bihurguneen eta zenbait lekutan zolaren egoera kaxkarra edo bidearen estutasuna, besteak beste”. Bi-uretako zubiaren egoerak moldatu gabe segitzen duela ere adierazi du EAk.

Udal talde honek duela pare bat hilabete eskatu bezala, errepidea berriz ireki delako pozik agertu da EA, baina “osotasunean moldatzea” eskatu du, “unean uneko partxeek ez dutelako errepide zati horren arazo nagusiak moldatzen eta gidari guzien segurtasuna bermatu behar delako”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun