Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako lehen jardunaldia jokatu zuten larunbat goizean Leitzak eta Lizarrak. Bi herriek bina partida irabazi zituzten eta egia esateko, ez zen kolore handirik izan norgehiagoketan.
Alebin mailan, Leitzako Ander Alduntzin eta Jon Lezeak 9 eta 18 galdu zuten Lizarrako Azkune eta Anduagarekin.
Infantiletan, Leitzako Mikel Sagastibeltza Lasarte eta Anartz Olanok hutsean utzi zituzten Lizarrako Garaia eta Izkue, 18-0.
Jubeniletan ere garaipen erraza lortu zuten Leitzako Xabier eta Jon Jaunarena anaiek, 22 eta 4 irabazi baitzieten Lizarrako Senosiain eta Unanuari.
Senior mailan, aldiz, Leitzako Iñigo Zubillagak eta Mikel Iriartek 3 eta 22 galdu zuten Lizarrako Moran eta Nublari.
Gauzak honela, lehen jardunaldi honetan bina partida irabazi zituen herri bakoitzak, baina leitzarrek 8 tantu gehiago egin zituzten (52-44).
Nafarroako Kirol Jolasak
Nafarroako Kirol Jolasen barrenean, ostiral arratsaldean zenbait partida jokatu ziren Amazabal pilotalekuan.
Hirugarren mailako benjaminetan, Aurrerako Joseba Eskuderok eta Naia Eskuderok 18-13 irabazi zioten Paz Zigandako bikoteari eta Mattin Sukuntzak eta Mikel Zabaleta Artolak 18 eta 10 Larraungo bikoteari; hirugarren mailako infantiletan, Aurrerako Julen Goikoetxeak eta Mikel Erasok 17 eta 18 galdu zuten Errekako bikotearekin; bigarren mailako infantiletan, Aurrerako Xabier Zubiria eta Lenitz Galartzak 18 eta 4 irabazi zioten Zugarraldeko bikoteari eta bigarren mailako kadetetan, Aurrerako Xabi Erasok eta Ibai Barberenak 22 eta 15 irabazi zioten Mendillorriko bikoteari.
Etxetik kanpo ere hiru partida jokatu zituzten Aurrerako pilotariek. Bigarren mailako kadetetan, 5 Xabi Apezetxeak eta Ibai Gilek 22 eta 5 irabazi zioten Aranpilotako bikoteari; hirugarren mailako alebinetan, Josu Sukuntzak eta Beñat Billabonak 12 eta 18 galdu zuten Mendillorriko bikotearen kontra eta bigarren mailako alebinetan, Ander Alduntzin eta Beñat Altzelai 13 eta 18 galdu zuten Errekako bikotearen kontra.
Beste txapelketetan emaitza txarrak
Zaramagako txapelketan, kadete mailako finalerdia galdu zuten larunbat arratsaldean Aurrerako Mikel Sagastibeltza Lasarte eta Mikel Hernandorenak, 4 eta 22 galdu baitzuten Artola eta Tolosaren kontra.
Añorgako txapelketan, benjamin mailan, Aurrerako Hegoi Txoperenak eta Koldo Hernandorenak 3 eta 16 galdu zuten eta Antiguoko txapelketan ere, kadete mailan, Anartz Olanok 20 eta 22 galdu zuen Tolosaren kontra.
Iruritako emakumeen paleta goma txapelketaren finalean ere ez zuen suerterik izan Iera Agirre leitzarrak, Saioa Aristorenarekin batera 26 eta 30 galdu baitzuen Yanira eta Rebekaren kontra.