Maiatza sartzearekin batera, bigarren egunean, hain zuzen ere, San Migel etorri zen Aranora aspaldiko urteetan egin ohi duen bezela. Herriko asko ustekabean harrapatu izango zituen seguraski, normalean baino goizxeago etorri baitzen oraingoan.
Aranon egun haundia izaten da San Migelen etorrera. Bertakoak izan eta herritik kanpora bizi direnak gustora etortzen dira egun horretan, herria bere tokian dagoen ikusi eta bertakoekin meza entzutera. Jende mordoska bildu zen eguerdiko mezan aurten ere.
San Migeli herriaren sarreran egiten zaio ongi-etorria. Aspaldiko ohitura da eta aspaldikoa da baita Elizako dorreko kanpanei hautsak astintzea ere. Lan hori izan du aurten ere Anttonio Exkerrak eta herri guztian entzuten diren kanpanen soinuak San Migel elizako zimiteriora sartu arte aixa irauten dute.
Aurten goizean egin zuten apaizek herriko lurren bedeinkazioa. Uzta ona izateko suertea eta eguraldi txarren kontra babesa eskatzeko izaten da bedeinkazioa. Errosarioa errezatzea, berriz, arratsalderako utzi zuten eta bertara ere jende kopuru polita joan zen.
San Migel, Goizuetarako bidea hartu aurretik, datorren urtera arte agurtu zuten aranoarrek. Herriko gurutzeak eta San Migelek elkar besarkatzearekin, irudi horrekin, Aranok eta aranoarrek hurrena berriz etortzen denerako ere ateak eta besoak zabalik izango dituztela adierazi diote beste behin ere bisitari estimatuari.