Eskaerak eta kontsultak telefonoz egiteko 012 zerbitzua jarri du martxan Udalak

Esteban AROTZENA 2010eko maiatzaren 13a

Tramitazioak telefonoz egiteko aukera ematen du

Telefono bidez herri­ta­rrei arreta eta lagun­tza eskain­tzen duen zerbi­tzu be­rria abiarazi du Udalak: 012 zerbi­tzua. Apirilaren 30etik dago indarrean, eta zenbaki ho­rretara deitzea nahi­koa da, hainbat trami­ta­zio eta kontsulta egiteko.
Besteak beste, udal informazioa eskura daiteke, tartean, Goizuetako kultur eta kirol agenda. Ho­rrekin batera, errol­da eta katastroko ziur­­ta­giriak eskatzeko bidea ere badago, baita Udalak anto­la­tzen dituen ikas­ta­roetan izena emateko aukera ere. Errol­dako datuak kontsultatu, ziurtagi­riak eskatu, datu pertsonalak aldatu, zerga eta tasak ordaindu... Horiek eta bes­te hain­bat egiten ahal dira 012ra deituta. Norbaitek kexak aurkez­tu edo iradokizunak egin nahiko balitu, gauza bera egin beharko luke.
Teletramitazioa online
Bizpahiru hilabete ba­rru, teletramitazioa online jarriko du Udalak. Eta horretarako Espainiako Gobernuaren Enplegu Planarekin hartuko den dirulaguntza erabiliko da. Zerbi­tzu berri honekin, nortasun agiri elektronikoa erabilita, orain arte udaletxean egiten ziren hainbat tramitazio Internetez egiten ahal izanen dira: zerga eta tasen ordainketa, ordainketa helbi­deratua, adminstrazioaren espediente guztiak kontsultatu, artxiboa jaso, instan­tziak eta bes­telako orriak deskargatu, kexak eta iradokizunak egin... Udalak espediente guztiak digitalizatuko dituela ere aurreratu digu Mieljoxe Lekuona alkateak.
Bestalde, artxiboa digitalizatzeko lanari ere ekin dio Udalak. Liburu historikoak –XVI. eta XVII. mendekoak batzuk–, euskarri digitalean jar­tzea da helburua, 15.000 orri zehazki, eta lan hori egiteko ardura El Corte Ingles enpresari esleitu dio Udalak, 18.000 eurotan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun