Herriarteko pilota txapelketako lehen jardunaldia jokatuko dute larunbat goizean Leitzak eta Lizarrak

TTIPI TTAPA 2010ko mai. 13a, 12:20

Iera Agirrek Iruritako pala txapelketaren finala jokatuko du eta Jon Jaunarena txapeldun izan zen GRAVNen

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako lehen kanporaketa jokatuko dute maiatzaren 15ean, larunbatean 10:30etik aurrera Leitzak eta Lizarrak Amazabal pilotalekuan.

Alebinetan, Leitzako Ander Alduntzin eta Jon Lezea, Lizarrako Azkune eta Anduagaren kontra ariko dira; Infantiletan, Leitzako Mikel Sagastibeltza Lasarte eta Anartz Olano, Lizarrako Garaio eta Izkueren kontra; Jubeniletan, Leitzako Xabier Jaunarena eta Jon Jaunarena anaiak, Lizarrako Senosiain eta Unanuaren kontra eta seniorretan, Leitzako Iñigo Zubillaga eta Mikel Iriarte, Lizarrako Moran eta Nublaren kontra.

Garrantzitsuena bai, baina Herriartekoa ez da Leitzako pilotariek asteburu honetan izanen duten hitzordu bakarra.

 

Nafarroako Kirol Jolasak

Nafarroako Kirol Jolasetan, maiatzaren 14an, ostiralean 18:30ean hasita bost partida jokatuko dira Amazabalen.. Hirugarren mailako benjaminetan, Aurrerako Joseba Eskudero eta Naia Eskudero, Paz Zigandako bikotearen kontra ariko dira eta Mattin Sukuntza eta Mikel Zabaleta Artola Larraungoaren kontra; hirugarren mailako infantiletan, Aurrerako Julen Goikoetxea eta Mikel Erasok Errekako bikotea izanen dute arerio; bigarren mailako infantiletan, Xabier Zubiriak eta Lenitz Galartzak Zugarraldeko bikotearen kontra jokatuko dute eta bigarren mailako kadetetan, Xabi Erasok eta Ibai Barberenak Mendillorrikoaren kontra.

Etxetik kanpoko partidetan, bigarren mailako kadetetan, Aurrerako Xabi Apezetxea eta Ibai Gil Aranpilotako bikotearen kontra ariko dira larunbat goizean Mutiloan; hirugarren mailako alebinetan, Josu Sukuntza eta Beñat Billabona Mendillorriko bikotearen kontra ariko dira Iruñeko Aranzadin eta igande goizean, bigarren mailako alebinetan, Ander Alduntzin eta Beñat Altzelai Errekako bikotearen kontra.

 

Iera Agirre Iruritako finalean

Iruritako emakumeen paleta goma txapelketako finala jokatuko dute larunbat eguerdian Iera Agirre eta Saioa Aristorenak, Yanira eta Rebekaren kontra.  Finalerdietan Ierak eta Saioak 30 eta 16 irabazi zieten Maider eta Estitxuri.

Zaramagako txapelketan, kadete mailako finalerdia jokatuko dute larunbat arratsaldean Gasteizen Aurrerako Mikel Sagastibeltza Lasarte eta Mikel Hernandorenak, Artola eta Tolosaren kontra. Joan den asteburuan 22 eta 11 irabazi zieten leitzarrek Agirre eta Erostarberi.

Añorgako txapelketan ere, larunbat goizean benjamin mailako partida izanen dute Hegoi Txoperenak eta Koldo Hernandorenak eta Antiguoko txapelketan, kadete mailan, Anartz Olano Tolosaren kontra ariko da igande goizean.

 

Jon Jaunarena GRAVNen txapeldun

Joan den asteburuko emaitzei dagokienez,  aipatzekoa da GRAVN txapelketaren finalean, jubenil mailan Nafarroarentzat garaipena lortu zuela Jon Jaunarenak, Etxamendirekin bikote eginez 22 eta 14 irabazi baitzion Bizkaiako bikoteari Laudioko finalean.

Federazio arteko txapelketan, aldiz, senior mailan, Nafarroa ordezkatu zuen Jon Jaunarena leitzarrak 16 eta 18 galdu zuen Andaluziako ordezkari izan zen Unai Onsalo aresoarrarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!