Esku pilotan, GRAVN txapelketako buruz buruko finala jokatuko du Jon Jaunarena leitzarrak. Nafarroako ordezkariak, Etxamendi bizkaitarra izanen du arerio Laudion maiatzaren 7an, ostiralean 19:00etan.
Ez da Jaunarenak asteburuan jokatuko duen partida bakarra. Federazio arteko txapelketan, joan den asteburuan Almeriaraino joan behar izan zuen, Andaluzia ordezkatzen duen Unai Onsalo aresoarrari irabazteko. Igandean itzulerako partida jokatuko dute Labriten.
Nafarroako Kirol Jolasak
Nafarroako Kirol Jolasen barrenean, Aurrerako pilotariek lau partida jokatuko dituzte ostiralean 18:30ean hasita Amazabal pilotalekuan. Bigarren mailako alebinetanAnder Alduntzin eta Beñat Altzelai, eta bigarren mailako infantiletan Ander Eskudero eta Ander Gartziarena Zugarraldeko bikoteen kontra ariko dira.
Bigarren mailako kadetetan, Mikel Onsalo eta Ibai Gil, Club Natación Pamplona taldeko bikotearen kontra ariko dira eta Xabi Eraso eta Ibai Barberena San Migueleko bikotearen kontra.
Etxetik kanpo ere zenbait partida izanen dituzte Aurrerako pilotariek. Ostiralean 19:30ean, Atarrabian Paz Zigandako bikotearen kontra ariko dira Mattin Sukuntza eta Mikel Zabaleta Artola, hirugarren mailako benjaminetan.
Larunbat goizean, berriz, Zubirin, Esteribarko bikotearen kontra ariko dira Xabier Zubiria eta Lenitz Galartza bigarren mailako infantiletan; Iruñeko Aranzadin Mendillorriko bikotea izanen dute arerio Joseba Eskuderok eta Mikel Zabaleta Unanuak hirugarren mailako benjaminetan eta Iruñeko Oberena, Oberenako bikotearen kontra ariko dira Joanes Illarregi eta Beñat Billabona, hirugarren mailako alebinetan.
Beste txapelketak
Zaramagako txapelketan, larunbat arratseko 20:00etan, Aurrerako Anartz Olano eta Mikel Hernandorena, Agirre eta Erostarberen kontra ariko dira kadete mailan.
Elgetako txapelketan, kadete mailan, Xabi Jaunarena Maizaren kontra ariko da larunbat arratsaldean eta Lizarrako txapelketan, infantil mailan, Aurrerako Mikel Sagastibeltza Lasarte eta Mikel Sagastibeltza Egues, Candela eta Agirreren kontra ariko dira larunbat arratsaldean.
Iruritako emakumen paleta goma txapelketan, azkenik, finalerdia jokatuko dute Iera Agirre eta Saioa Aristorenak, Maider eta Estitxuren kontra.