Ostiraleko bertso saioarekin hasiko dira aurtengo Txinoko Jaiak Goizuetan

Esteban AROTZENA 2010ko api. 30a, 09:41

Giro ederra izanen da aurten ere Txinoko fiestetan Goizuetan. TTIPI TTAPA

Ofizialki larunbateko itxaferoarekin hasiko dira

Goizuetako fiesten artean, aski estimatuak diren Txino auzoko jaiak ospatuko dira asteburu honetan Gazte Asanbladak antolatuta, Umore Ona Elkartea, Udala eta Gordea eta Zubi-Ondo tabernen laguntzarekin.

Ostiralean, apirilak 30, 20:00etan Zubi Ondo tabernan bertso saioa izanen da Beñat eta Unai Gaztelumendu anaiekin. 22:30ean, berriz, mus txapelketa izanen da eta ohi bezala, sari ederrak izanen dira: txapeldunek bi lagunentzako afaria irabaziko dute; bigarrenek arkumea; hirugarrenek langostinoak eta txakolina eta laugarrenek txuleta eta ardoa.

Fiesta giroa ostiraletik nabarituko bada ere, hasiera ofiziala larunbatean 11:00etan botako den itxaferoarekin emanen zaio. Aurretik, 10:00etan haurrentzako jokoak ere izanen dira. Txupinazoaren on­do­tik buru-haundiak kalean ibiliko dira trikitilariekin.

11:30ean aizkora eta harri-jasotze apustuak izanen dira eta 13:00etan Umore Ona Dantza Taldeko gaztetxoen emanaldia. Herri bazkariaren txanda etorriko da segidan. Aipatu, bazkarirako txartelak Amaia kafetegian daudela salgai.

18:00etatik aurrera Laket taldearekin berbena izanen da, eta 20:00etan Maskarrada dantza taldearen saioa. 23:00etan hasiko diren kontzertuekin (Itziarren semeak eta Skasti) emanen zaio bukaera aurtengo jaiei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun