Landa Goikoko etxebizitzetarako 256 eskaera jaso ditu Udalak

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 26a

Urbanizazio lanen %80 egina dago

Landa Goikoa eremuan egitekoak diren etxebizitza babestuak hartzeko, 256 lagunek eman dute izena. Jakina denez, Udalak 40 etxebizitza egin nahi ditu Landa Goikoan eta 40 horietatik 32 etxebizitzentzat izan zen hasierako izen-ematea. Horietan 181 interesatu agertu ziren, 100ek Babes Ofizialeko Etxeetarako, eta beste 81ek tasatuetarako. Xabier Zabalo alkateak jakinarazi digunez, «gehiengoa leitzarra izan da, eta eskaera bat edo bi kanpokoek egin dituzte».
Gainerako zortzien kasuan izena eman duten 75ak leitzarrak dira, horixe baitzen baldintzetako bat: bi urte edo gehiago herrian erroldatuak egotea.
Bestalde, badirudi lanak bide onetik doazela. «Oso aurreratuak daude eta urbanizazio lanak %80an eginak daude», azaldu du alkateak.

Errentaren aukera
Udalak duela bi urte ekin zion etxebizitza hutsak errentan hartzeko bidea lantzeari. Eta lehenbiziko pausua etxebizitza hutsen ordenantza onartzea izan zen. Berriki, berriz, etxebizitza hutsak zenbat diren kontatu dituzte. Horren arabera, aipatu ordenantza beteko luketen 56 pisu daude hutsik herrian.
Beste pausua, etxebizitza errentan hartuko luketenen zerrenda osatzea izan da eta kasu horretan, 26 interesatu agertu dira.
Behin hori eginda, «Udalaren asmoa etxebizitza hutsen eta errentan hartu nahi dutenen arteko zubi-lana egitea da». Eta horretarako Nafarroako Gobernuari eskatu dio laguntza, «diruz lagun dezan», dio Zabalok. Aipatu digunez, Gobernuaren erantzunaren zain daude orain, eta «erantzuna egokia bada, martxan jarriko dugu eta ezezkoa bada, bideari eutsi eta, modu xumeagoan, baina aurrera jarraitzeko asmoa dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun