«Jazzeko letrak ingelesez dira, baina ni euskaraz asmatzen hasi nintzen»

Gurutze PIKABEA 2010eko apirilaren 26a

Nerea Erbiti leitzarra pianoa aurrean duela. Utzitako argazkiak

HEDAPEN HAUNDIRIK EZ
«Gero eta interes haundiagoa dago jazzerako, eta nik uste Musikene eta Pablo Sarasatek asko lagundu dutela hemengo jendea horretan sartzeko. Baina hala ere, jazza ez da entzuten. Eta Leitzan eta inguruan ere ez».

Musikarik gabe, zaila da Nerea Erbitiren (Leitza, 1980) bizitza azaltzea. Urteetan hainbat trikitixa taldetan ibilia baita: Xuhat, Itzalak, Irailerako 6, Jo Ta Hanka...  Eta oraindik ere hala segitzen baitu azken horrekin. Lekunberriko Aralar Musika Eskolan eta Garesen trikitixa klaseak ematen ere badabil. Azken bi urte eta erdian, ordea, jazzaren munduan sartu da. Iruñeko kontserbatorioan jazzeko ikasketak egiten ari da, eta horrez gain, Mikel Gaztelurrutia & The New Jazz Voices Ensemble diskan ere parte hartu du

Nondik datorkizu jazzerako zaletasuna?
Lagun batek asko eragin zuen horretan. Donostiako Jazzaldia ikustera joaten ginen askotan, eta diskak ere pasatzen zizkidan. Hortik hartu nuen zaletasuna.
Euskaraz jazza somatzea ez da ohikoa, baina zu ausartu zara...
Jazzeko letra guztiak ingelesez dira, baina ni hitzak euskaraz asmatzen hasi nintzen. Hasiera hartan, ingelesez ongi ez nekienean, letrak euskaraz egiten hasi nintzen, ingelesez ikastea baino gutxiago kostatzen zitzaidalako euskaraz asmatzea. Orain ingelesez ere ikasten ditudan arren, euskaraz ere ongi gelditzen direla iruditzen zait.
Trikitixatik jazzera ez al dago salto haundia?
Bai, salto haundia dago, oso estilo desberdinak baitira. Trikitixa jendea animatzeko musika-tresna da, eta jazz doinuak kantatzea, berriz, askoz ere konplikatuagoa da. Baina ea bi gauzekin zerbait berria asmatzen dudan.
Zer moduz doaz jazzeko ikasketak?
Oso gustura nabil. Duela bi urte eta erdi erabaki nuen jazza seriotasunez ikasten hasi behar nuela eta Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioan sarrera froga egin eta hartu ninduten. Lau urte dira eta ni hirugarrenarekin ari naiz, eta gustura nagoen arren, denbora asko dedikatu behar zaio. Lanean egotea eta hori ikastea ez da oso gomendagarria osasunerako.
Mikel Gaztelurrutia & The New Jazz Voices Ensemble diskan ere parte hartu duzu berriki. Nolako esperientzia izan da?
Oso ona, asko ikasi dut. Proiektu oso interesgarria dela iruditzen zait. Lau ahots eta jazzeko hirukote batek osatua da –kontrabaxua, bateria eta pianoa–. Pianojoleak zenbait abesti lau ahotsetan kantatzeko moldatu ditu eta diska hau da emaitza. 13 abesti ditu, batzuk herrikoiak, tartean Stevie Wonderren bat, Stingen beste bat eta Aita Donostiaren Oinazez abestia, beste bat Mikel Gaztelurrutiak berak egindakoa eta besteak jazzeko estandarrak, Duke Ellingtonenak, adibidez.
Zer eginen duzue taldean hemendik aitzinera?
Udan, abuztu aldera, kontzertuak ematen hasiko gara, eta espero dut kontzertu asko ateratzea. Gerora ez dakit beste proiekturen bat aterako ote den edo zer gertatuko den.
Donostiako Jazzaldian ere ibilia zara kantari, ez?
Ordezkapen bat egiteko izan zen. Hasiera hartan ni ez nengoen talde honetan, baina abeslariak kontzertu baterako taldea utzi zuen eta aste bat lehenago, abestu nahi nuen proposatzeko deitu zidaten, eta Donostiako Jazzaldirako izan zen. Ez zen batere erraza izan aste batez dena ikastea, baina asko lagundu zidaten taldekideek.
Nola ikusten duzu Jazza Euskal Herrian?
Gero eta interes haundiagoa dago, eta nik uste Musikene eta Pablo Sarasatek –Donostiak eta Iruñeko musika ikastegiak– asko lagundu dutela hemengo jendea horretan sartzeko. Baina hala ere, jazza ez da entzuten. Eta Leitzan eta inguruan ere ez.
Etorkizunera begira, zer egitea gustatuko litzaizuke?
Aurrena, karrera bukatu nahi dut, eta bi urteko epean, kanpora joan, ikasten segitzeko.

 


Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun