Aurrera Kirol Elkarteak antolatzen duen eta aurten hogeita hamabigarren edizioa beteko duen Leitzako herri krosa apirilaren 24an jokatuko da, larunbat arratsaldean. Benjamin (800 metro), alebin eta infantil (2,5 kilometro), kadete (5 kilometro mutiletan eta 2,5 nesketan), junior (7,5 kilometro gizonezkoetan eta 5 emakumezkoetan), senior eta beteranoen mailako (10 kilometro gizonezkoek eta 5 emakumeek) lasterketak izanen dira.
Benjaminak 16:15ean hasiko dira korrika; alebinak eta infantilak 16.30ean; 17:00etan kadete eta juniorrak eta 17:30ean gainerakoak. Guztiak kale nagusitik aterako dira eta plazan bukatuko dute lasterketa.
Izen-ematea
Bi modu dituzte lasterkariek izena emateko. Alde batetik, larunbatean bertan 15:30etik 17:00etara edo bestela, www.herrikrossa.com atarian.
Sariei dagokienez, kategoria kontuan hartu gabe, gizonezkoetan lehenak 200 euro eskuratuko ditu, 140 euro bigarrenak, 80 euro hirugarrenak eta 50 euro laugarrenak. Eta emakumezkoetan, 100 euro lehenbizikoak, 70 euro bigarrenak, 40 euro hirugarrenak eta laugarrenak 25 euro. Horrez gain, Andres Perezen marka (29:49) hobetzen duenak 150 euro jasoko ditu.
Herritarrentzat ere sari bereziak izanen dira: gizonezko seniorretan lasterketa 48 minutu baino gutxiagotan egiten duten bost laguneko taldeak axuria hartuko du opari gisa; emakumezko seniorretan 28 minutu azpitik egiten duen hiru laguneko taldeak ere bai; eta beteranoetan 50 minutu azpitik egiten duten hiru gizonezkoen taldeak eta 30 minutu azpitik egiten duen hiru emakumezkoren taldeak ere bai.
Kirol jarduera eskolan eginen den herri afariarekin bukatuko da. Txarteak Torrean eta Maimurren eskuratzen ahal dira, 23 euroren truke. Menuan paella, bakailua, saiheskia, sorbetea, postrea, kafea eta kopa sartua dago.