Mendizabalen ustekabeko heriotzak hunkituta utzi du herri kirol mundua

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 13a

Joxemari Mendizabal Tolosan Olasagastiren kontra apustua jokatzen ari zenean. Utzitako argazkiak

Leitzako eliza ttiki gelditu zen hileta elizkizunean

ESALDIA Donato LARRETXEA Arantzako aizkolaria
«Kontrario haundiak izan zituen, baina puntako aizkolaria zen. Gizon haundia eta indartsua zen»


ESALDIA Miel MINDEGIA Ezkurrako aizkolaria
«Oraindik zerbait egiteko harra izaten dut barrenean, baina horrelakoak ikusita ez da animorik izaten»

Herri kirolak eman duen kirolaririk haundienetarikoa izan da Joxemari Mendizabal (1947, Aduna, Gipuzkoa). Aizkoran hasi aitzinetik, harri-jasotzen ere aritu baitzen eta honetan ere marka haundiak egin zituen.  Bera izan zen, adibidez, 16 arroako harria plazan jaso zuen lehenbizikoa. Pisu haundiko harriekin moldatu zen hobekien. Adunan jaio arren, Leitzan ere bizitu zen hainbat urtez eta orain Urdiainen bizi zen 63 urteko aizkolaria.
Martxoaren 28an eman zituen bere azken aizkora kolpeak. Urteak ziren plazetatik erretiratu zela, baina egun horretan,  ikusmin haundia piztua zuen apustua jokatzekoa zen Joxemari Olasagasti igeldoarraren aurka, Tolosako zezen-plazan. Kanako lau enbor erdibitu behar zituzten, zutika. Bakoitzak 6.000 euro paratuak zituen jokoan, eta 4 minutuko aldea eman zion Olasagastik Mendizabali. Eguerdian hasi ziren apustua jokatzen, baina Mendizabalek ez zuen bere lana amaitu: ondoezik sentitu, eta hirugarren enborrean ez zegoela segitzeko moduan ikusi zuen. «Tripan topea» jarri zitzaiola erranez apustua bertan behera uztea erabaki zuen. Bere laguntzaileekin batera, Aierberekin eta Arria II.arekin, aldageletara joan zen, eta Olasagastik bere lanak bukatu bezain abudo plazaratu zen igeldoarra zoriontzera.
Medikuek badaezpada erietxera joateko aholkatu zioten, baina ondoezari buelta emanen ziola eta bazkaltzera joatea erabaki zuen. Abiatu ziren autoan, baina han gelditu zen. Larrialdi zerbitzuek artatu zuten, baina ezin izan zuten suspertu. Antza, bihotzekoa izan zuen.

Aizkolari haundia
Harria utzi eta berehala heldu zen aizkolaririk onenetakoa izatera, eta lehia bikainak izan zituen Mindegia eta Arria anaiekin. Halere, historiara pasatu den apustua Miel Mindegiaren aurka 1983an jokatutakoa izanen da. 52 kanaerdiko eta sei kanako ebaki zituzten, orain arte inoiz egin den apusturik luzeena izan zen, eta Mendizabalek irabazi zuen. Lau ordu, 12 minutu eta 9 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko, eta lau ordu, 29 minutu eta 30 segundo Mindegiak.

Samina herri kirol munduan
Heriotzak samina eragin du herri kirol munduan. «Dena» ikusi zuen horietako bat da Donato Larretxea. Horrela gogoratu du apustuko eguna: «hirugarren enborrean zerbait larria bazela pentsatu genuen, aizkorak ihes egiten zion eta ia-ia hankari golpe haundia sartu zion. Baina ez genuen horrelakorik gertatuko zenik pentsatu».
Aizkolari «haundia» zela nabarmendu digu aranztarrak: «garai hartan kontrario haundiak izan zituen, Mindegia eta Arria tartean, baina puntako aizkolaria izan zen. Gizon haundia eta indartsua zen eta korte zuzenekoa».
Apustura joan ezinik gelditu zen Miel Mindegia, bere garaian, Mendizabalen «plazako kontrario» haundienetakoa izandakoa. Baina herrian larreak erre behar zirela eta ezin izan zuen joan. Etxera etorri zenean ikasi zuen gertatutakoa, irratian aditu zuenean.
Mindegiaren hitzetan, aizkolari «hoberen-hoberenetakoa» izan zen Mendizabal. Plazan aurkaria izan zuen, baina bertzela, berekin «harreman ona» zuela aipatu digu eta alde horretatik, «pena haundia» hartu duela. «Nerone oraindik hor nabila mundu horretan, eta horrelako gauza bat pasatzea oso tristea da aizkolari guziendako, eta adinean aurrera goazenendako oraindik gehiago», gaineratu du. «Oraindik zerbait egiteko harra izaten dut barrenean, baina horrelako gauzak ikusita ez da animorik izaten».
Leitzan eman zioten azken agurra Adunako aizkolari haundiari, eta senide, lagun eta zale andana bildu zen San Migel elizan egindako hileta elizkizunetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun